Kolonbiaren independentzia ospatzeko "jai berezia" Arrasateko Herriko Plazan, uztailaren 18an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 14a

Dantza emanaldia Biteri plazan, 2024ko Kulturaniztasunaren Jaiaren barruan.

Amerika Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du uztailaren 18rako, zapatua, Arrasateko Herriko Plazan. 12:00etatik 23:00etara, azokarik, kontzerturik, dantzarik eta jateko zein edateko berezirik ez da faltako. "Gerturatu, ondo pasatuko dugu. Jai berezia izango da. Eman diezaiogun hasiera udari bestelako erritmo batzuekin", adierazi du Amerika elkarteko Daniela Castrok. 

1810eko uztailaren 20an independentziarako borroka hasi zutela ospatzen dute kolonbiarrek urtero. Gainera, Amerika elkarteko Daniela Castrok gogoratu duenez, Espainiako koloniatik askatu ziren Hego-Amerikako beste herrialde batzuen independentzia egunak ere ospatzen dira uztailean eta abuztuan. 

Horrez gain, erregularizazio prozesuari amaiera ematea ere badu helburu uztailaren 18ko festak, zeharka bada ere. "Prozesuan zehar ikasi dugunaren gainean berba egiteko ere balioko digu egunak, eta etorkizunean eman beharko ditugun urratsen gainean berba egiteko asmoa ere badugu", dio Castrok. 

Egitarau zabala

Uztailaren 18ko egitarauari dagokionez, azoka gastronomiko bat eta artisautza azoka bat egongo dira. Askotariko jana eta edariak izango dira. Kolonbiako ordezkaritza izango da nagusi baina, Hondurasko, Mexikoko Peruko eta Brasilgo debagoiendarrek ere hartuko dute parte. Eta, besteak beste, Generacion Latina izeneko taldearen kontzertua eta Andeetako dantza saioak ere izango dira. 

Herriari zerbait ezberdina eskaintzea nahi dutela azpimarratu du Castrok: "Arrasate Blues jaialdi arrakastatsutik gatoz, askotariko adierazpen musikalei leku egiten dien jaialdia. Ezohikoagoa den musika estilo bati egin nahi genion lekua, gizarte honen parte den beste sektore bati begira. Ilusio handia egiten digu musika estilo berriak Arrasateko erdigunera ekartzea, Arrasateri aberastasun handia ematen diola uste dugulako. Eman diezaiogun hasiera udari Karibeko eta bestelako erritmo batzuekin".  

Uztaileko hirugarren asteburuan egonkortzeko nahia

Amerika elkarteak eguneko jai bezala propio sortu duen lehen edizioa izango da aurtengoa, eta asmoa dute uztaileko hirugarren asteburuan egonkortzea. "Uztaileko lehen asteburuan Mondra&Roll egin izan da orain arte aurten egin ez bada ere, eta bigarren asteburuan Arrasate Blues. Ea hirugarren asteburu honetan gure jaia egonkortzea lortzen dugun. Uztailean gauza asko ari dira gertatzen Arrasaten eta kultura-agenda horren parte izan nahi dugu". 

Jaia iragartzeko kartela. Irudia: Amerika elkartea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak