Mankomunitateak 120.000 euro jasoko ditu, "eskualdeko energia-eredua sendotzeko"

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 13a

Jose Ignacio Asensio eta Dorleta Elkorobarrutia, hitzarmena sinatu ostean.

Aldundiko Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok bi urteko hitzarmenak sinatu ditu lurraldeko eskualde garapeneko hamar agentziekin. Agentzia horiek urtean 60.000 euro jasoko dituzte.

Energia berriztagarrien, energia-eraginkortasunaren eta "energia-pobreziaren aurkako borrokaren arloko jarduerak garatzeko" laguntza jasoko du Debagoieneko Mankomunitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. "Hitzarmen horiekin egonkortasuna ematen diogu eskualdeen energia-plangintzari, eta hurbiltasunean, erakundeen arteko lankidetzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako trantsizio energetikoko eredu bat indartzen dugu", azaldu du Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun saileko diputatuak.

Berrikuntza nagusia da hitzarmenak bi urtekoak izango direla. Hala, "egonkortasun handiagoa" emango zaie eskualde-agentziei, "energiaren arloko proiektu estrategikoak planifikatu eta garatzeko". Agentzia bakoitzak 120.000 euroko ekarpena jasoko du, urtean 60.000 eurokoa. Modu horretan, Jasangarritasun sailak 1,2 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Hitzarmen helburua, Asensioren esanetan, jasangarritasun energetikoaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren estrategia indartzea da, eskualdeko plangintza- eta ekintza-sare baten bidez, udalerriek laguntza teknikoa, tresna espezializatuak eta laguntza izan dezaten energia berriztagarrien ezarpenean, aurrezpenean".

Gipuzkoako hamar agentziek hainbat lan-ildo orokor partekatuko dituzte, "eskualde bakoitzean energia-erreferente gisa duten zeregina sendotzeko". Horietako batzuk dira, esaterako, eskualdeko energia-plangintza bultzatzea, Energiaren Eskualdeko Mahaiak dinamizatzea eta Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Gipuzkoako Lurralde Mahaian integratzea. "Gobernantza-eredu horrek administrazioen arteko jarduera koordinatua errazten du, ezagutza trukatzea errazten du eta lurralde bakoitzaren beharretara egokitutako erantzunak eskaintzea ahalbidetzen du".

Jarduera komun horiekin batera, eskualde bakoitzak bere errealitatera egokitutako proiektu espezifikoak garatuko ditu. "Debagoienak bere energia-bulegoa indartuko du, enpresa-deskarbonizazioa bultzatuko du eta mugikortasun jasangarriko jarduketak sustatuko ditu", azpimarratu du diputatuak. Dorleta Elkorobarrutia Debagoieneko Mankomunitateko presidentea hitzarmenaren sinaduran izan da, gainontzeko bederatzi ordezkariekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak