Egindako lana oso ona izan bada ere, datozen asteetan Kataluniako finala eta Tenerifen jokatuko den Espainiako Kopa jokatuko dute, eta, Smartlog Ointxe taldeko jokalari Izar Bediaren arabera, "erronka gogorrak" izango dira horiek. Uztailaren 18an jokatuko da Kataluniako finala, eta Espainiako Kopa, berriz, hilaren 24an eta 25ean.
Emaitzak, jokoaren adierazle
Maiatzetik hona, Bilbao Jokoan txapelketa eta Valencia Basketek antolatutako hiruko txapelketa irabazi ditu Arrasateko taldeak. Orain arte egindakoari dagokionez, lana "bikaina" izan dela adierazi du Bediak: "Taldea gustura dago orain arte egindako lanarekin, eta, gainera, lan horrek bere fruituak izan ditu, eta orain arte jokatutako txapelketa garrantzitsuenetan txapelketa irabaztea lortu dugu".
Nazioarteko txapelketa helburu
Hala ere, erronka gogorrenetarako prestatzen dihardu taldeak, eta helburu du, iaz bezala, nazioarteko txapelketaren bat jokatzeko txartela eskuratzea: horretarako, Tenerifeko txapelketa irabazi beharko dute lehenengo. "Badakigu oso talde indartsuak egongo direla Espainia mailan, baina ziur gaude txapelketa irabazteko maila eman dezakegula", azpimarratu du Bediak. Smartlog Ointxe taldeak Espainiako Kopa irabaztea lortzen badu, FIBAren 3x3 Womens Series zirkuituko txapelketa batean lehiatzeko txartela eskuratuko du.
Hala, bigarren urtez jarraian, modalitatean mundu mailan dagoen txapelketa onenean jokatzeko aukera historikoa lortuko du. "Iazko esperientziarekin alderatuz, aurten talde profesionalagoa sortu dugu eta erreferente gara euskal saskibaloian. Orain, taldeek badakite zeintzuk garen, eta badakite gure aurka jokatzea ez dela erraza izango".