Asteburu honetan jokatuko da Zaldibarko 24 orduko areto futbol txapelketa, eta, azken urteetan bezala, zapatu goizetik domeka goizeko ordu txikietara arte partiduez gozatzeko aukera izango dute arrasatearrek. Mondrate areto futbol taldeak antolatu du txapelketa, eta "urteroko" erantzun ona izatea espero dutela adierazi du hango kide Xabier Gorroñogoitiak: "Giro oso ona egoten da beti eta jendez betetzen da Zaldibar partiduak ikusteko. Espero dugu aurten ere horrela izatea".
Partiduak, goizeko zortzietatik
Goizeko zortzietan hasiko da txapelketako lehen partidua, eta, gauera arte, multzoen fasea jokatuko da Zaldibarren. Guztira hamahiru taldek eman dute izena aurtengo edizioan, eta bi multzotan banatu dituzte: batetik, Latin FC, The Bad Boys, JDC, La Tricolor FC, Tximitxangas, Sukusuku eta Papadeltas taldeek osatuko dute A multzoa; eta, bestetik, B multzoko taldeak izango dira America, RGLT, Zubipe & Co, 99, Aixkora FC eta Los Hombres de Txarli.
Ligaxkan multzo bakoitzeko lau onenak sailkatuko dira final laurdenetarako
Multzoaren arabera, talde bakoitzak bost edo sei partidu jokatuko ditu txapelketako lehen fasean. "Guztira lehen fase horretan 36 partidu jokatuko dira, eta hurrengo faserako sailkatuko dira multzo bakoitzean puntu gehien eskuratu dituzten lau talde. Horren ostean, kanporaketak jokatuko dira: final laurdenak, finalerdiak eta, azkenik, finala", azaldu du Gorroñogoitiak. Txapelketa jokatu bitartean Mondratek txosna bat jarriko du Zaldibarko iturri ondoan, eta era guztietako freskagarriak salduko dituzte.
Txapelketako arauak
Txapelketari dagokionez, ligaxkako partiduek hamar minutuko bi zati izango dituzte, eta kanporaketa faseko partiduak, berriz, hamabi minutuko zatiak izango dira. Partiduan talde bakoitzeko bost jokalari eta atezain bat izango dira kantxan, eta, zati bakoitzean talde bakoitzak lau falta baino gehiago eginez gero, hortik aurrera egindako bakoitza falta jaso duen taldearentzako penalti bikoitz batekin zigortua egongo da.
Sariak hiru talde onenendako Urtero bezala, txapelketako talde onenek sari potoloak izango dituzte. Hiru sari banatuko dira, eta txapeldunek 910 euro jasoko dute, txapeldunordeek 260 euro, eta hirugarren sailkatuek 130 euroko saria izango dute