Garaiak eta Bailarak lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 9a

Garaia Investors ekimena indartzeko helburua du akordioak. "Ekimen horren helburua da startup-ak, inbertitzaileak eta enpresa-sarea elkartzea, proiektu berritzaileen garapena sustatzeko eta finantzaketarako sarbidea errazteko", azaldu dute.

Garaia Parke Teknologikoak eta Bailara Industrial Networkek lankidetza-hitzarmena sinatu dute. "Aliantza horri esker, Garaia Investorsek bere eragina handituko du, eta Debagoieneko ekintzailetza-ekosistemaren eta industria-sarearen arteko lotura sendotuko da", azaldu dute bi aldeek. "Programaren bidez, hasierako faseetan dauden startup-ek haien proiektuak aurkezten dizkiete balizko inbertitzaileei eta enpresa zein teknologia arloko profesionalei. Horrez gain, mentoring saioetan, tailerretan eta networking guneetan parte hartzeko aukera ere izango dute".

Akordioarekin, Bailara Industrial Networkek Garaia Investors bere enpresa bazkideen artean ezagutarazten lagunduko du, eta programako ekimenetan parte hartzea sustatuko du. Horrekin batera, Garaia Investorseko startup irabazlea Bailara Industrial Networkeko enpresa bazkide izango da urtebetez. "Horrela, Debagoieneko enpresa txikiek, enpresa ertainek eta enpresa traktoreek osatutako sarean integratzeko aukera izango du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak