Sarea fundazioarekin elkarlanean dihardu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 8a

Azahara Dominguez, Maider Morras eta Agurne Juldain, besteak beste, zentroko erabiltzaileekin.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako sailak "gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonek" Mugi sistemara sarbidea izan dezaten laguntzeko lanean dihardu. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Sarea fundazioarekin duen elkarlanaren baitan, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Arrasaten dagoen Bidean zentro okupazionala bisitatu du, Maider Morras Arrasateko alkatearekin eta Agurne Juldain zentroko arduradunarekin batera.

Sail hori 2024az geroztik ari da lankidetzan fundazioarekin, zentro okupazionaleko erabiltzaileek Mugi sistemara sarbidea izan dezaten. "Lankidetzari esker, Sarea fundazioak laguntzen dituen pertsonei banatzen dizkien Mugi txartel anonimoak erosi eta kargatzeko gastua finantzatu dezakegu. Horrela, egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonek garraio publikoa erabili ahal izatea sustatzen dugu; izan ere, ezinbesteko zerbitzua da egunerokoan autonomiaz moldatzeko eta tailerretara joateko", dio Dominguezek.

Zera gaineratu du diputatuak: "Garraio publikorako sarbidea bezain oinarrizkoa den zerbait erraztea lehen urratsa izan daiteke egoera oso konplexuak bizi dituzten pertsonek Gipuzkoan haien bizi-proiektua garatzen hasteko, haien egoera normalizatzeko eta komunitatean erabat parte hartzeko".

Bestalde, Agustin Tranche Sarea fundazioko zuzendariak "eskerrik beroenak" eman dizkio Aldundiari "garraio-txartelak emanez egoera zaurgarrian dauden pertsonen mugikortasuna errazten laguntzeagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak