Irekiak, itxiak, finkoak edota ibiltariak izan, 500 ume udalekuez gozatzera doaz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 3a

Udaleku irekietako taldeetako bat, Arizmendiarrieta plazan, eguazten goizean, lehen egunaz gozatzen.

Txatxilipurdiren eskaintza zabala aurten ere udalekuen bueltan, 2 eta 18 urte artekoei zuzenduta. 

Uztaileko aste barruko argazki ohikoetako bat da umeak kalean ikustea, txapela deigarriak buruan, askotariko jolasez gozatzen. Heldu dira Txatxilipurdi elkartearen udaleku irekiak, beste urte batez, eta helburuek hasierako berberak izaten jarraitzen dute, duela 38 urte sortu zirenean bezala. "Umeei eta nerabeei ahalik eta udaldi dibertigarriena eskaini nahi diegu; betiere, euskara ardatz hartuta. Udaleku ahalik eta parte hartzaileenak izaten saiatzen gara, haien gustu eta nahietara egokituta", dio Txatxilipurdiko koordinatzaile Oihane Sanchezek.

Udaleku irekietan 428 ume

Udaleku irekiak 2 eta 12 urte bitarteko umeei daude zuzenduta; uztailaren 1ean hasi ziren, eta hilaren 22an amaituko dituzte. Astelehenetik egubakoitzera arteko goizak –eta kasu batzuetan arratsaldeak– elkarrekin pasatuko dituzte umeek; herriko kaleetan jolastea, mendi bueltak egitea eta ur-jolasez gozatzea izango dituzte egitarauan, besteak beste. 2026ko udaleku irekietan 428 ume daude eta haiekin batera 57 hezitzaile ari dira lanean; adierazi dutenez, aurten ere ekintza batzuetan taldeak nahasten saiatuko dira, adinartekotasunak eskaintzen duen "aberastasunari" eta harreman berriak sortzeko ematen duen aukerari balioa emanda.

GaraiOneko abentura, hastear

Udaleku itxien eskaintza orokorra 9 eta 18 urte artekoei dago zuzenduta. Udaleku itxi finkoen barruan, bihartik hilaren 11ra arte Ozetako GaraiOn gunean elkartuko dira 9 eta 12 urteko hamasei ume eta 12 eta 14 urte arteko 33 nerabe; haiekin batera bost hezitzaile egongo dira. Bi adin tarte osatuko dute eta adin tarte bakoitzak bere herrixka propioa izango du GaraiOnen –Aizkomendi eta Gebara izendatu dituzte herrixkok–, lo-leku, elkargune eta jolas eremu propioz osatuta: "Udalekuak abenturaz beteta eta giro goxoan pasatzea nahi dugu. Elkar zaintza izango da ardatz garrantzitsuetako bat, eta udalekuetan parte hartuko dugun kide guztion hitza kontuan izanik adostuko dira ekintzak". Alegia, zaintza "erdigunean" duten udalekuak direla azpimarratu dute, "beti" izan diren bezala: "Euskaraz, naturaz, sormenaz, bizikidetzaz, elkartasunaz eta talde lanaz bustitako oporraldi paregabeak izango dira. Zarena zarela, gozamena oinarri, nahiei eta ametsei elkarrekin leku egingo diegu!".

Ibiltariaren azken txanpa

Bestalde, 14 eta 16 urte arteko nerabeendako udaleku ibiltariaren –Kosta Ala Kosta izenez ere ezaguna– berri ere eman du Txatxilipurdik: "Ekainaren 28an hasi ziren, Bergaran, eta domeka honetan amaituko dira, Mutrikun, Saturraranen. Hamasei laguneko taldea elkartu da aurten, bi hezitzaile bidelagun dituztela. Astea osoa daramate naturaz gozatzen; azken txanpa falta zaie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak