Uztailaren 6an hasiko dituzte Zalduspeko aparkalekuko putzuak ekiditeko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 3a

Ur putzua, Zalduspen. Argazkia: Arrasateko Udala.

Aparkalekuaren gainazaleko drainatze-sistema hobetzea eta euri-jasen ondorioz sortzen diren putzuak ekiditea da uztailaren 6an hasiko den obraren helburu nagusia. Lanok lau aste irautea aurreikusten dute; Excavaciones Arrasate enpresari esleitu zaio, 45.000 euroko aurrekontuarekin. 

Hobekuntza hauek egiteko, honako lan teknikoak burutuko dira:

  • Drainatze-zangak eraikitzea: 50 zentimetroko sakonera eta 40 zentimetroko zabalera duten zangak hondeatuko dira aparkaleku osoan zehar. Zanga horien oinarrian 160 milimetroko diametroko hodi porotsuak jarriko dira ura biltzeko.
  • Arketa-iturburu berriak: sare osora konektatutako lau arketa-iturburu (parrilladunak) eraikiko dira.
  • Gainazala berdintzea eta trinkotzea: Aparkalekuaren azalera osoan 5 zentimetroko lodierako todo-uno material geruza bat zabalduko da zorua nibelatzeko, eta ondoren trinkotu egingo da.
  • Garbiketa lanak: Hormaren kontrako ertzak garbituko dira, lurrak eta landare-hondakinak kenduz.

Ospitale ondoko Zalduspe aparkalekua. Argazkia: Arrasateko Udala. 

Udalak guztira 45.006,95 euroko (BEZ barne) aurrekontua bideratu du hobekuntza hauetara, eta Excavaciones Arrasate enpresak burutuko ditu lanak. Hobekuntza lanek sor ditzaketen eragozpenengatik Arrasateko Udalak barkamena eta pazientzia eskatzen ditu, aparkalekuaren egoera hobetuko duen esku-hartze hau burutu bitartean.

Zalduspe eraldatzeko plan integrala 

Udala Zalduspeko antolamendu-plan berria lantzen ari da 2025a ezkero, egungo behin-behineko egoerari behin betiko irtenbidea emateko. Proiektu honek hiru gune nagusi aurreikusten ditu: autobus-geltoki berria (gaur egun lurzoru ezegonkorrean baitago), disuasio-aparkaleku bat eta beste gune bat bestelako erabileretarako.

Gaur egun, Udala jabe pribatuekin eta beste erakunde batzuekin lanean ari da, proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu eta eremu osoaren ordenazio berria zehazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak