Gazte gara gazte

Maren Alonso: "Lau urtez aurkeztu naiz 'Go!azen'-era; deitu zidatenean, ezin nuen sinetsi"

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 3a

Maren Alonso Lopez, Madrilen. Argazkia: Maren Alonso.

Maren Alonso (Arrasate, 2006) abeslaria eta ETBko Go!azen telesailaren 13. denboraldiko aktoreetako bat da. Txikitatik izan du antzerkirako eta musikarako zaletasuna. Dantzertin Arte Dramatikoa ikasten ari da.

Ez da ohikoa gazte batek aktore izateko bidea egitea. Nolakoa izan da zure prestakuntza?

13-14 urterekin hasi nintzen antzerkian, Arrasaten ireki zuten Doke Antzerki Eskolan. Handik Donostiako Binahi Akademiara joan nintzen, eta gero, Gaztetxo Antzerki Eskolan hiru urtez musikalak egiten aritu naiz. Esperientzia horiei esker konturatu nintzen ez nuela antzerkia zaletasun hutsa izatea nahi, baizik eta nire lanbidea. Horregatik, 2024an Dantzertin hasi nintzen Arte Dramatikoa ikasten. Horrez gain, Arrasaten txikitatik Gazte Abesbatzan ere ibili naiz, eta gimnasia erritmikoa, trikitia eta panderoa ere egin nituen; denetik egin dut.

Nondik datorkizu aktore izateko grina?

Txikitatik izan dut antzerkiarekiko zaletasun handia; batez ere, musikalekiko. Amak askotan eramaten ninduen antzerkira eta musikaletara, eta horrek eragin handia izan du nigan. Pixkanaka konturatu nintzen hori egin nahi nuela.

Nola jaso zenuen Go!azen telesailean parte hartzeko deia?

Euforia hutsa izan zen. Lau urtez, huts egin gabe, aurkeztu naiz castingera, eta txikitatik izan naiz Go!azen-en jarraitzailea; orduan, deitu zidatenean, ezin nuen sinetsi. Oso pozik eta ilusio handiz hartu nuen. Orain pentsatzen hasten banaiz, berezia da orain gazte askok ni pantailan ikustea eta, agian, mirestea, nik garai batean Go!azen-eko beste aktore batzuk miresten nituen bezala.

Nolakoa izaten ari da horrelako ekoizpen handi batean parte hartzea?

Orain arte egin dudan proiekturik handiena da, eta pribilegioa dela sentitzen dut. Grabaketak oso biziak dira: ordu asko, erritmo handiarekin egiten da lan eta lan asko dago atzean. Baina esperientzia izugarria eta aberasgarria da. Gainera, beste aktore askorekin lan egiteak asko ikasteko aukera ematen du.

Zerk harritu zaitu gehien?

Bitxia da, baina 13 zenbakiarekin lotura berezia daukat. 13 batean jaio nintzen, baita ama ere, eta Go!azen-en castinga urtarrilaren 13an ireki zen. Niri maiatzaren 13an deitu zidaten aukeratu nindutela esateko, eta, gainera, aurtengoa Go!azen-en 13. denboraldia da. Kasualitate horiek guztiek ilusio berezia egin zidaten, eta asko harritu ninduten.

Zer gustatzen zaizu egitea kameretatik kanpo? Nolakoa litzateke zure asteburu perfektua?

Hondartza asko gustatzen zait; nire lekurik gustukoena da. Gainera, atrakzio-parkeak ere maite ditut. Asteburu perfektua familiarekin atrakzio-parke batera joatea eta eguna hondartzan amaitzea izango litzateke, egun ezin hobea.

Non ikusten duzu zeure burua hemendik hamar urtera?

Aktore gisa lanean jarraitzea espero dut, bai ikus-entzunezkoetan bai musikaletan. Antzezteak neure buruarekin harro egotea eta zoriontsu egiten nau, eta horretan hazten jarraitu nahiko nuke.

Azkenik, nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Indartsua naizela esango nuke. Bizitzan izan ditudan zailtasunei aurre egin diet beti, eta nire amets batzuk betetzea lortu dut; Dantzertin eta Go!azen-en sartzea, esaterako. Ausarta ere banaiz, aktore izan nahi nuela erabaki eta bide horri eutsi diodalako, nahiz eta lan erraza ez izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak