Arrasateko zenbait kirol taldek campusak antolatu dituzte, udako oporraldian jokalari gazteenek ere kirolaz gozatzeko aukera izan dezaten. Arrasate Eskubaloi Taldea, Ointxe eta Mondra dira talde horietako batzuk. Futbol eta saskibaloi taldeek dagoeneko bete-betean lanean dihardute beren campusetan, eta bi taldeek adierazi dute hasiera "oso ona" izan dutela. Kirol talde bakoitzak helburu desberdin batekin abiatu du bere campusa, eta, kasu guztietan arreta taldeek lantzen dituzten kiroletan jarri badute ere, badira jokalarien maila hobetzea xede dutenak, eta baita aisialdirako askotariko jarduerak antolatzen dituzten eskaintzak ere.
Ointxek abian du Gametime
Ointxeri dagokionez, saskibaloi taldeak Gametime izeneko goi-errendimenduko campusa antolatu du. Lau txandatan banatuta dago, eta joan den astean abiatu zen. Iñaki Ogarak, campuseko zuzendariak, adierazi duenez, "oso gustura" daude campusaren hasierarekin: "Jokalariek mailaz hobetzeko eta, aldi berean, saskibaloiaz gozatzeko aukera izatea da gure asmoa aurten, eta, orain artekoa ikusita, oso pozik gaude egindako lanarekin".
Bi programatan banatuta dago saskibaloi campusa: Growtime eta Gametime
Bi programatan banatzen da saskibaloi campusa: hain zuzen ere, Growtime 2014tik aurrera jaiotako haurrentzako eta Worktime 2014a baino lehenago jaio diren gazteentzako. Ogarak azaldu duenez, maila guztietako jokalariei zuzenduta dago programa, eta, saskibaloi campus teknikoa izanda, jokalarien maila hobetzea eta bakoitzarekin lanketa bat egitea da helburua.
Aste honetan amaituko da bigarren txanda, eta 40 bat jokalari ari dira parte hartzen. "Oraindik hurrengo txandetarako izen emateak irekita daude, baina jokalari bakoitzari behar duen atentzioa jartzeko, iruditzen zaigu aproposena dela lantaldeak gehienez zortzi jokalarikoak izatea", adierazi du.
Mondraren udako campusa
Astelehenean jarri zuen Mondrak urteroko udako campusa martxan, eta ehun bat jokalarik eman dute izena udan ere futbolaren bueltan kirolarekin gozatzeko. 2012tik 2018ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago campusa, eta parte hartzaileek aukera izan dute bat, bi, hiru edo lau astez izena emateko.
Futbol taldeak antolatutako udalekuak badira ere, Markel Perezek, Mondrako udako campuseko antolatzaileak, azaldu du jarduera askotariko campusa antolatzea izan dela helburua: "Beti gustatzen zaigu futboletik harago campuseko jokalariek beste kirol batzuk ere ezagutzea; eta, horrez gain, jolas tradizionalak bizirik mantentzea".
Eskubaloi campusa
Arrasate Eskubaloi taldeak ere urteak daramatza udako eskubaloi campusa antolatzen, eta, iaz bezala, abuztu amaierarako eta irail hasierarako prestatu du aurtengoa. Hain zuzen ere, abuztuaren 31tik irailaren 3ra egingo dute, eta 2013an eta 2014an jaiotako neska-mutilentzat izango da.
Arrasate Eskubaloi Taldearen campuseko izen ematea zabalik dago, abuztuaren 20ra arte
Ikastea, hobetzea eta gozatzea da programaren helburua, eta izen ematea zabalik dago, abuztuaren 20ra arte. Campusa 35 euro da, eta izena eman daiteke aeb@arrasateeskubaloi.eus helbidera idatzita edo 619 67 26 96 telefono zenbakira deituta.
