2026-2027 ikasturtea jolastoki inklusibo berriarekin hasiko dute Bedoñaben

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 1a

Arrasate Herri Eskolako eta Arrasateko Udaleko ordezkariak, gaur, Bedoñaben. Argazkia: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak amaitutzat eman ditu asteon Arrasate Herri Eskolako Bedoñabeko eraikineko kanpo espazioa egokitzeko obrak. Lan hauekin, lehengo 915 metro koadroko asfaltatutako eremua zena erabat aldatu dute, "natura eta erabilera anitzeko gune ez-sexistak" erdigunean jarriz, ekintza pedagogiko ezberdinetarako prest. Ikasturte berria patio berriarekin hasiko dute, beraz.

Obra hau, ohar bidez adierazi dutenez, hezkuntza komunitatearekin batera egindako diagnosi parte-hartzailearen emaitza da, eta hiru eremu nagusitan banatutako gune berria eskaintzen die ikasleei.

Batetik, mugimendu eremua dago, Mariren basoa izendatu dutena; intentsitate handiko gune horretan altzairu herdoilgaitzezko txirrista, kautxuzko tontorrak, soka bidez igotzeko aldapa, akazia egurrezko oreka-jolasak, tranpolina eta rokodromoa instalatu dira. Bigarren gunea eremu sinbolikoa eta artistikoa da, edo Galtzagorrien basoa eta Sorginen akelarrea; sormena lantzeko tipi bat, piñu-azalezko krater bat, lurreko margoekin markatutako antzoki txiki bat eta baratze eremu bat prestatu dituzte gune horretarako.

Eta, hirugarrenik, bioaniztasunaren eta atsedenaren eremua ere egokitu dute; natura umeei hurbiltzeko asmoz, intsektuen hotela, txorientzako habiak eta landaketa eremu anitzak sortu dituzte.

59 zuhaixka ere landatu dituzte

Patio inklusiboa egiteaz gain, proiektuak espazioa "humanizatzea" lortu duela adierazi dute Udaletik. Izan ere hainbat landaketa egin dira: "Haritzak, arteak, gereziondoak eta 59 zuhaixka unitate landatu dira itzala eta biodibertsitatea bermatzeko. Gainera, berrerabilpenaren aldeko apustua egin da, eraiste-lanetako hondakinak erabili baitira patioko tontorrak eta erliebeak sortzeko".

Aurrekontua: 104.148 euro

Patio inklusiboa sortu dute umeen garapen askea, sormena eta parekidetasuna bermatzeko, eta eskola barruko hezkuntza proiektuaren luzapen gisa onartu behar dira lanok. K1 Ekopaisaia enpresak gauzatu ditu lanak, 104.148 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne); lanak apirilaren 8an hasi zituzten eta asteon eman dituzte bukatutzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak