Unai Ibarra: "Lasterketak irabazteak ez nau motibatzen; geroago eta azkarragoa izateak, bai"

Xabier Urtzelai 2026ko uztailaren 3a

Unai Ibarra, joan den domekan Torreauzon (23.47). Xabier Urtzelai

Domekan Torreauzo lasterketan hegan egin zuen atletak maiatzean Bruselako 5.000 metroko proban 14.43.55ko marka egin zuen. Abuztuko oporraldia Sierra Nevadan izango da, goi mailako zentroan entrenatzen, garaieran. 

Iturripeko saskibaloi kantxa txiki geratu zitzaion junior mailara arte Ointxe!-n jokatzen ibili zen Unai Ibarrari (Arrasate, 1998). Hala, 18 urterekin baloia uztaira botatzeaz ahaztu eta fundamentuz korrika egiten hasi zen, Iker Sarabia entrenatzaileak lagunduta –harekin jarraitzen du–. Zuzenbidea ikasi eta teknikari juridiko lanetan diharduen arrasatear horrek –Jaurlaritzatik bueltan erantzun dio GOIENAren deiari– 2018an ikusi zuen azkar korrika egiteko gaitasuna zeukala. "Soraluze-Bergara lasterketan izan zen, 2018an. Lehenengo hiru kilometroetan Arnaiz, Mimentza, Donnay... lasterkari mitiko horien ondoan joateko kapaz izan nintzen, nahiz eta Osintxura iritsi ginenean bistatik galdu nituen. Lasterketan kilometroa 3.38ra egin nuen, eta horrek motibatu ninduen seriotasunez entrenatzen hastera".

Berandu iritsi zara atletismora?

Bai, oso berandu. Gaztetan atletismoan ibiltzen direnek abiadura lantzen dute, eta distantzia motzetan azkartasun handia lortzen dute. Horri jarraikortasuna eman behar zaio gero, eta egia da askori distantzia luzeagoetara egokitzeko pazientzia falta izaten zaiela. Baina, atleta horiek 23 urte ingurura iristen direnean salto handia ematen dute kalitate aldetik. Nik, ordea, gaztetan ez dut abiadura hori landu eta horregatik esaten dut orain lan bikoitza egin behar dudala. Bestalde, baliteke bizitza osoa atletismoan daraman batekin alderatuta burua freskoago izatea, denbora gutxiago daramat honetan.

Hala ere, azken urteotan etengabeko bilakaera izaten ari zara, iraupen lasterketetan Euskal Herriko erreferenteetako bat bilakatzeraino.

Horrek pozten nau bereziki, ez delako batere erraza. Ezin zara lesionatu, konstantzia behar da, entrenamendu ezberdinak probatzen joan behar duzu, gorputzak kargak onartu behar dizkizu... 

Non ikusten duzu zure burua hobeto, 5.000 metrotan, ala 10.000 metrotan?

10.000 metrotan, zalantzarik gabe. Esango nuke distantzia horretan gehiago nabarmentzen naizela, 5.000 metrotan bat gehiago naiz [Kar, kar...]. Azken baten, 5.000 metrotan gai izan behar duzu 14-15 minutuz topera korrika egiteko, %100era. 10.000 metrotan, aldiz, %98-ra egin zenezake korrika. Azken distantzia horretan errazagoa zait antolatzaileen partetik gonbidapenak jasotzea. Urrian, esaterako, halaxe joango naiz Bretainiara korritzera.

Zer nolakoa izaten dabil urtea?

5.000 metrotan marka onena maiatzean egin nuen, Bruselan (Belgika) egindako lasterketan (14.43.55). Baina mimoz prestatu nuena Castelloko 10.000 metroko lasterketa izan zen, otsailean. 30 minututatik jaistea zen helburua, eta 30.05eko marka egin nuen han, baina irteeran, San Juanetako zezenketetan moduan montonera izan genuen [kar, kar]. 70. postuan iritsi nintzen helmugara, baina Europako atleta onenak batu ziren bertan, pentsa, Europako errekorra ondu zuten bertan. Gero Laredoko lasterketa egin nuen, apirilean, eta ez hor ez zitzaidan oso lasterketa ona irten (30.39) eta jarraian 5.000 metroko lasterketak prestatzen hasi nintzen buru-belarri. 

Nazioartera joaten zara sarritan lehiatzera...

Bertan daudelako atleta onenak eta hor lortzen duzulako zure onena ematea. Euskal Herriko eta estatuko lasterketetan ere izaten gara, baina kanpora joaten zarenean ikusten duzu zein den maila. 

Nazioartean bai, baina baita Torreauzokoa moduko etxeko herri mailako lasterketetan.

Ez ditugu merezi duten moduan baloratzen. Elite mailako atleta guztiak halako lasterketetan hasi dira, etxe ondoan. Arrasateko Santamasetakoa, Soraluze-Bergara, Torreauzo... Sekulako meritua daukate, besteak beste, korrontearen kontra dihardutelako lasterketak antolatzen: dortsalak merke, etxe handien laguntza gabe, auzolanean... Torreauzon, esaterako, lasterketa ondoren sekulako zozketa egiten dute, eta produktu horiek guztiak lortu egin behar dira. 

"Gutxi baloratzen ditugu Torreauzo, Santamas edo Antxintxika krosa, eta merezi dute"

Abuztuan, oporretan, turismoa egin beharrean Sierra Nevadara joango zara, goi mailako entrenamendu zentrora, garaieran entrenatzera...

Pandemia ostean joan nintzen lehenengoz. 2020an kirola baino ezin genezakeen egin, eta serio hasi nintzen. Pentsatu nuen gehienez 10 urte nituela atletismoan ondo ibiltzeko, eta urtero joaten naiz hara.

Zenbat egun egiten dituzu han goian, eta zein izaten da egunerokoa?

Gipuzkoako atletismo federazioaren bitartez bideratzen dut eskaera, eta 21 egun egiten ditut bertan. Goizean jaiki, gosaldu, entrenatu, bazkaldu, siesta egin eta entrenatu ostean afaldu eta ohera. Eta tartean ping-pong partida batzuk jokatzen ditugu [Kar, kar], halaxe joaten zaigu eguna. Baina, bost izarretako hotel baten moduan egoten gara, entrenatzeaz bakarrik arduratzen gara. Asko jota egunen baten Granadara jaisten gara arratsalde pasa, baina gainontzeko egunak goian egiten ditugu. Ni ezin naiteke geldirik egon. 

Beste kirolari askorekin egingo duzue han topo.

Bai, denetariko kirolariak izaten dira han, atletak, txirrindulariak... Nahikoa izaten dugu Instagramen sartzea ikusteko nor dagoen Sierra Nevadan entrenatzen, edo norberak iristeaz batera istorio bat igotzea. Segituan egiten dugu taldea, eta hango langileekin ere dagoeneko harremana dugu. 

Hobekuntza handia egiten duzue?

Atletok esaten dugu han goian egon eta gero super gasolinarekin etortzen garela bueltan. Han 2.300 metrora gaude, eta lan-saio batzuk 2.700 metrora egiten ditugu. Iristeaz batera pultsuak gora egiten du, lehenengo egunetan neka-neka eginda egoten zara... Baina bai, handik bueltan igartzen da hobekuntza, bai. 

"Sierra Nevadan hiru astez entrenatu ostean super gasolinarekin itzultzen gara"

Ze asmo duzu udazkenerako?

Urrian Bretainian lehiatuko naiz, eta azaroan Bordelera noa beste lasterketa batera, asko gustatzen zaizkit Frantziako lasterketak, maila oso ona egoten da.

Zer eskatzen diozu atletismoari?

Ez amaitzea inoiz, denboraldi asko izatea aurretik. Sekulako inbidia ematen didate 70 urterekin korrika egiten ikusten ditudanek. Orain momentuan lasterketak irabazteak ez nau horrenbeste motibatzen, baina bai korrika geroago eta azkarrago egiteak. Hori da gure motorra, azkar zoazenean duzun sentsazioa... Ederra da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak