Handik hona

Anais Molina: "Oso gogorra da Venezuela sufritzen ikustea eta ezin lagundu ahal izatea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 30a

Anais Molina, joan den martitzen eguerdian, Arrasaten. I.A.A.

Sare sozialen bidez izan zuen Venezuelako lurrikararen berri Anais Molina venezuelarrak, eta hango egoera gertutik jarraitzen ari da egun hauetan han dauden familiako kideen eta lagunen bitartez. Bere bizi esperientziaz gain, azken egunetako ezbeharra ere izan du berbagai Handik Hona-ko elkarrizketa honetan.

Duela hiru urte utzi zuen jaioterria Anais Molinak (Barinas, Venezuela, 1971), eta zuzenean etorri zen Arrasatera, haren bi neba hemen bizi direlako. Venezuelako lurrikararen harira, "mina, inpotentzia eta tristura" sentitzen dituela aitortu dio GOIENAri.

Elkarrizketa hasi aurretik, ezin dugu ahaztu Venezuelan joan den eguenean gertatutako ezbeharra; nola bizi duzu egoera hemendik?

Definitu ezin den sentimendua da. Mina, inpotentzia, tristura. Ezin lagundu ahal izatea gure familiari, lagunei eta venezuelar guztiei.

Nola izan zenuen lurrikaren berri?

Sare sozialen bidez jakin nuen lurrikara bikoitza izan zela. Eraikinak erorita, jendea oihuka. Beldur askorekin eta ezjakintasun handiarekin. Gerora, nire lagunen mezuak jaso nituen; baita familiako kide batzuenak ere. Batzuk familiako kideak galdu zituztela esanez; beste batzuk ez zuten lortzen harremanetan jartzerik; beste batzuk ondo zeuden, baina etxe barik geldituta Guairan. Guaira izan da eragin handiena izan duen gunea. Caracas hiriburuan, baino gehiago. 1999an ere uholdeak izan ziren estatu horretan. Asko kostatu zitzaien bizitzak eta etxeak berreraikitzea eta orain, hau. Ez dakite nola egingo dioten aurre.

Zer diote hango familiak eta lagunek une honetan han daukaten egoerari buruz?

Etengabe hitz egiten dut. Oso gogorra da zure herrialdea sufritzen ikustea eta ezin lagundu ahal izatea. Han daudenek esaten didate ahal dutena egin dutela. Etxeak suntsituta dauzkatela eta ez dakitela zer gertatuko den Venezuelak arazo asko izan dituelako eta baliabide ekonomikorik ez daukalako bizirauteko.

Debagoieneko venezuelarren komunitateak badu asmorik hara bidaltzeko material bilketarik martxan jartzeko?

Ikusi dut supermerkatu batzuetan ari direla dohaintzak eskatzen, eta beste hiri batzuetan venezuelarrak batu direla eta botikak eta janaria batzen ari direla hara bidaltzeko. Hemen, Arrasaten, IMMEn badaukagu aurreikusita elikagaien eta botiken bilketak egiteko, baina ez daukagu bidalketarekin lagunduko digun erakunderik. Momentuz, dagoen nahasmenarekin ziurtatu behar dugu hegazkin bidez edo itsasotik sartzen direla laguntzak.

Zure esperientziara etorrita; zer-nolako bizimodua zenuen Venezuelan?

Haurtzaro normala eduki dut. Lizeora [institutura] joaten nintzen, kirola egiten genuen... Ez nintzen oso kirolaria; kar-kar. Batxilergoa ere egin nuen. Ni bizi nintzen lekuan, dirurik ez bazenuen ezin zenuen ikasi. Caracasera joan nintzen, eta, ikasketak egin ostean, han egon nintzen lanean, jubilatu nintzen arte, 2019ra arte. Arkitektura ikasi nahi nuen, baina garestia zen. Azkenean, abokatu izateko ikasi nuen.

Gazte erretiratu zinen.

48 urterekin, gutxi gorabehera. Erakunde publikoan 20 urtez lan eginez gero, erretiroa lortzen duzu, eta hori da nire kasua.

Zergatik etorri zinen Arrasatera?

Nuen pentsioarekin, ezin nien nire beharrei aurre egin. Ez nireak bakarrik; nire semearenak ere ez. Gainera, hemen nire bi neba bizi dira, eta horregatik etorri nintzen, 2023ko uztailean.

"Hemen minutuak Venezuelan baino luzeagoak direla iruditzen zait; onerako da hori"

Bazenekien nora zentozen?

Nebek esaten zidaten oso herri polita zela. Ni Venezuelako herri batekoa izanik, ohitu egin nintzen hiri handi batean bizitzera. Berriro egokitu behar izan dut herrira. Bizimodu ezberdinak dira. Hiriburuko bizitza azkarragoa da. Iritsi nintzenean, grinatsu nengoen. Zerbait egin behar nuen denbora guztian.

Egokitu zara?

Bai, lasaiago nago. Hemen minutuak Venezuelan baino luzeagoak direla iruditzen zait; onerako da hori. Arlo askotan egin dut lan. Ez nuen uste arrandegi batean lan egingo nuenik; ezta joko-areto batean ere. Hemen ikusi dut garrantzitsuena lanak egitea eta ikasten jarraitzea dela. Jendea ezagutu dut hemen. Gainera, IMME elkartean ere sartu nintzen, eta, horrela, jatorri askotariko emakumeak ezagutu ditut. 

Diozu hemen minutuak luzeagoak direla; zergatik?

Gauzak egiteko denbora gehiago daukadalako. Adibidez, leku batetik bestera joateko ez duzu horrenbesteko denborarik behar. Neu prestatzeko ere ez.

Hona etorrita, zerbaitek harritu zintuen?

Herria zaharra dela ikusi dut. Caracasek modernitatea bilatzen du; argiak, zarata...

Zer gustatzen zaizu Arrasatetik?

Lasaitasuna, jendea, gauzak partekatu ahal izatea, tabernetan egotea... Hori Venezuelan ere egiten nuen, baina pentsatu egin behar duzu nora joan edo ez. Hemen edozeinekin egon zaitezke edonon. Oso herri familiarra da. Ez daukat beldurrik hemen. Han ezin nion nire semeari eskolara bakarrik joaten utzi. Hemen, lehen egunetan ere esaten nion idazteko eskolara iristen zenean, baina, handik egun batzuetara, ez. Lasaitasuna da onena.

Ondo hartu zaituzte herrian?

Bai, oso ondo. Hasieran, agian, jendeak begiratzen dizu pentsatuz: "Nor da hau?". Gero, hitz egindakoan jakiten dute nondik natorren. Orokorrean, asko lagundu didate.

Arrasateko sanjuanak izan berri.

Lan egin behar izan dut. Hala ere, Arrasaten ospatzen diren jaiek txikitako oroitzapenak berpizten dizkidate. Barinasera barrakak ekartzen zituzten hiriak urteak betetzen zituenean. Hemen, adibidez, Musakolako jaietan ibili naiz hainbat tiobibotan. Asko disfrutatzen dut.

Barinasen badaukazue jairik?

Feria ospatzen da. Zelai handi batean jartzen dituzte barrakak, eta janaria prestatzen zuten: Llano izeneko jakia –haragi egosia dauka–, pintxoak –hemengo broxetak– eta azukre-kotoia, besteak beste.

Ze igartzen duzu faltan?

Lagunak hemen dauzkat, baina nire etxea, esango nuke. Nire ohiturak ere bai. Hango etxea urbanizazio itxia da. Hainbat eraikin daude eta segurtasun handia dago. Igerilekura joan zaitezke oinez. Etxetik atera gabe badakizu nola distraitu. Supermerkatua ere badago. Dena geneukan. Jubilatuta egon arren, ikasten jarraitzen nuen. Hemen ezin izan dut batxilergoko titulua homologatu.

Etorkizunean non bizitzen ikusten duzu zeure burua?

Itzultzeko esperantza daukat. Hemen nire kezka da lanik gabe geratzea, gauza asko ordaindu behar ditut eta. Etengabeko ardurarekin bizi naiz.

Euskal kulturan murgilduta

Etorri zenean ez zekien euskara existitzen zenik ere; ilobek laguntzen diote orain hizkuntzarekin: "Venezuelan jaio ziren, baina hemen bizi dira eta haiek euskaraz hitz egiten dute. Esaten didate gauzak euskaraz nola esaten diren. Badaukat gogoa euskara ikasteko, batik bat, bezeroekin komunikatzeko. Askotan, euskaraz hitz egiten didate, baina ez dut ulertzen. Ezagutzen dudan jende asko joaten da ikastera, eta nik ere badut hasteko esperantza".

"Agur", gurutzatu aurretik

Venezuelarrak nolakoak diren galdetuta, azaldu du haragi-jaleak eta oso irekiak direla: "Hemen lasaiagoak zarete. Broma gutxiago egiten dituzue". Hala ere, nabarmendu du Euskal Herrian "kultura bizi" egiten dela, eta, dioenez, hura ere murgildu da euskal kulturan.

Dena den, hemen bada harritu duen zerbait: "Jendea agurtzean, hasieran, ez nuen ulertzen nola zen posible. Guk, Venezuelan, 'kaixo, zer moduz?' esaten dugu, eta hemen 'agur' esaten da. Ia-ia gurutzatu aurretik 'adio' esaten diozu; dagoeneko ohitu naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak