DJ Goiko: "Helduei eskatuko nieke barruko umea maizago ateratzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko uztailaren 2a

Ekaineko egubakoitz batean egin du hitzordua Markel Goikolea DJ Goikok (Arrasate, 1986) GOIENArekin, ikastetxe bateko ikasturte amaierako jaia girotzen hasi baino ordubete lehenago. "Gustura nabil, baina orain bertan lanpetuegi", dio. Kafe baten bueltan aritu da berbetan kazetariarekin, luze eta zabal. 

Gaur egun Dikar kooperatiban ari da lanean Goikolean, horixe du ogibide: "DJ Goikok ez du bizitzeko beste ematen, baina bizitza handia ematen dit". Dikarren hasi aurretik ostalaritzan ere aritutakoa da; Arrasateko Lora eta Ostantz tabernetan aritu zen zerbitzari, besteak beste. 

Ezin da DJ Goiko ulertu Markel Goikoleak ostalaritzan egin zuen ibilbidea aintzat hartu barik. 

Ez. Konturatu nintzen jendea etortzen zela tabernara jartzen nuen musikagatik. Ostalaritzak, nire esperientziatik behintzat, ez du diru asko ematen eta oso lotua da. Dedikazio handia eskatzen du. Horregatik saiatu nintzen DJ bezala probatzen. 

Taberna izan zen, beraz, zure lehen agertokia? 

Esan daiteke baietz. Tabernetan hasi nintzen eta erantzun ona ikusita hazten joan zen proiektua. Izan ere, San Juan jai batzuetan hasi nintzen bozgorailu ziztrin batekin eta nahiko jendek jarraitzen ninduela ikusita jauzia ematera animatu nintzen. DJa baino gehiago animatzaile bat naizela esan daiteke; edozein saio hasi aurretik asko begiratzen dut zein den publikoa. Ezin da emanaldirik errepikatu. 

Zuk zeuk ze musika entzuten duzu? 

Denetarik entzuten dut, baita umeendako den musika ere, eta horrek asko laguntzen dit emanaldietarako. Gehien, baina, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako musikarekin gozatzen dut. 

Entzun izan dizut pandemian hasi zela dena forma hartzen... 

Badakit jende gehienarentzat pandemia oso latza eta gogorra izan zela, baina nik ederto pasatu nuen. Saio ederrak egin genituen, egia esan; 20:00etako txalo zaparradaren ostean etortzen zen DJ Goiko. Oso ondo pasatu nuen, eta batek baino gehiagok esan zidan DJ izateko dohainak banituela; hor hasi zen dena forma hartzen. 

Nola daramazu set-aren atzean zu zeu bakarrik egotearena? 

Ez duzu sinistuko baina lehen oso pertsona lotsatia nintzen... Eta orain lotsa guztiak ahaztu zaizkit edo alboratu ditut; ez dit batera axola zer esango duten. Terapeutikoa ere bada DJ Goiko, hein handi batean. Plaza bat dantzan jartzeak asko betetzen nau baina onartu behar dizut publiko oso hotzarekin aurkitzen naizela askotan. Arrasaten, bereziki, oso hotza da publikoa. Horregatik gustatzen zaizkit umeendako ikuskizunak gehiago helduendako direnak baino. Helduei mezu bat helaraziko nahiko nieke, bide batez: maizago atera behar duzue barruko umea. 

Nola daukazu agenda udara begira? 

Agenda oso betea dauka, eta eskerrak koinatuaren laguntzari; bikote bezala badoa Akorde bezala goaz, eta bakarrik banator DJ Goiko bezala. Eskolen askotariko festak, auzoetako jaiak, ezkontzak eta beste hainbat ospakizunetarako deitzen didate. Hala ere, ezetz esaten ikasten ari naiz, denbora tarte batzuetan agenda kontuengatik ezin dudalako. Oso ezegonkorra da DJ Goikoren egunerokoa; edo lan gehiegi, edo ezer ez. Estresa ere eragiten dit baina ikasi beharra daukat ezezkoak ematen; ondo pasatzeari uzten badiot, akabo. DJ Goikok agertokian gozatu egin behar du, dena eman. Bestela ez da DJ Goiko. 

Zein izan da bizi izan duzun unerik zailena? 

Jendea animatzearena natural irteten zait normalean baina tokatu izan zait DJ bezala kontratatua izan eta ekitaldi bat dinamizatzen bukatu behar izatea; Monegrosen izan zen, bizikleta martxa batean. Gidoia azken orduan pasatu zidaten, bakarrik nengoen, ez nuen hango inor ezagutzen... Gaizki pasatu nuen, ez litzaidake halakorik errepikatzea gustatuko. 

Noraino prestatzen dituzu DJ Goikoren saioak? 

Askoz gehiago daukat inprobisaziotik aldez aurreko prestaketatik baino. Ez dut abesti-zerrenda bat eramaten aldez aurretik, egoera egokitzen naiz. Normalean asmatu egiten dut; ia beti amaitzen dut plaza dantzan jartzen, egia esan. Eta hori ederra da. 

Maritxu Kajoi, Musakolako ereserkia... Zein izango da hurrengo bertsioa? 

Sanjuanetarako bertsio berri bat egin nahi nuen, baina beranduegi ibili nintzen. Ea Txerri Dantzarekin zerbait egiten dudan...

Ezer gaineratu nahiko zenuke? 

Gonbita egingo nioke jendeari musika gehiago entzun dezan euskaraz. Askok eskatzen dizkidate euskaraz ez diren abestiak eta askotan aritzen naiz erakutsi guran euskarazko abestiekin ederto pasatu ahal dela. Euskarak bizi duen egoera latza da, eta badirudi ohartu ere ez garela egiten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak