Bluesaren doinuek beste behin hartuko dituzte Arrasateko kaleak. Ibai Arte merkatarien elkarteak antolatuta, Arrasate Blues jaialdiak zortzigarren edizioa ospatuko da. Guztira, kalean eskainiko diren 15 kontzertuk osatuko dute egitaraua, blues-rocka, piano-bluesa, sustraiko bluesa, jazz bokala eta soul-funk garaikidea uztartuz. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengoa "su gar eta indar itzaleko edizioa" izango da.
Helburua argia da: uda bete-betean Arrasateko kaleak bizirik mantentzea eta bluesaren zaleez harago publiko berriak erakartzea. Jon Apraiz, jaialdiko antolatzaileak argi dauka blues musikaren zale amorratuak ez diren horiek ere, egun hauek "asko disfrutatu" ditzaketela, giro "paregabea" egoten dela nabarmenduz.
Sei egun eta hamabost kontzertu
Uztailaren 2an hasiko dira jaialdiko motorrak berotzen, eta ondoren uztailaren 9tik 12ra izango dira hitzordu nagusiak, amaiera borobila uztailaren 16an emanez. Nazioarteko eta estatuko izen ezagunek osatuko dute kartela, besteak beste, Red House Revival, Lluís Coloma, Paul San Martín, Jonas Molina, Gonzalo Portugal, Bluehat! eta Jonas Molina Swing Explosion taldeekin.
Nazioarteko artistez gain, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko musikari ugari igoko dira oholtzara. Egitaraua Crazy Jumpers talde bizkaitarrak, Hendaiako JAC Electric hirukoteak, FEMMM gipuzkoarrak, AC Band-ek, Dave O'Connor musikari kanadiarrak eta Irungo Bluehat Band taldeak ere osatuko dute.
Apraizek nabarmendu du jaialdiko "une berezienetako" bat Hotel Mondragon-eko kanpoaldean izango dela, hilaren 12an. Bertan, bi pianoren arteko elkarrizketa musikala eskainiko dute Paul San Martinek eta Lluis Colomak, piano bluesaren eta boogiearen bi erreferentek.
Emakumeak eta 0km Bluesa
Tokiko talentuak leku berezia izango du Arrasate Bluesen. Horren erakusgarri izango da Bluexei taldea: Olatz Urkia, Ebert Sanchez, Aitor Etxagibel, Asier Elorza, Nagore Sanz eta Zigor Martinez Arrasate eta Bergarako musikariek aurtengo ediziorako propio sortutako proiektua da, eta gaueko jam sessionei hasiera emango die. Herriko ordezkaritza Monica Duran arrasatearrak osatuko du Angry Lovers taldearen gidaritzapean.
Emakumeek ere presentzia nabarmena izango dute aurtengo edizioan. Hamalau emakume inguru igoko dira jaialdiko agertokietara, Apraizen hitzetan "musika ulertzeko proposamen eta modu oso ezberdinekin".
Kontzertu sorpresak
Aurtengo eskaintza, ordea, ez da karteleko hitzorduetara mugatzen. Berrikuntzak "bizi egin behar dira", azaldu dute antolatzaileek, egitarauan ageri ez diren hainbat sorpresa prestatu dituztela azalduz. Aurreko urteetan jaialdian parte hartu duten hainbat musikari Arrasatera itzuliko dira, ikusle gisa ez ezik, kaleetan zehar ustekabean jotzera ere. "Auskalo non eta nola", aurreratu du Apraizek.
Kartelari dagokionean aurten blues-aren elementuak albo batera utzi eta Arrasateko esentzia ekarri nahi izan dute: dragoia eta sua. Irudi berriarekin, publiko berrietara iritsi nahi dute, bereziki gazteengana eta musika gustoko duen orori egin diete gerturatzeko deia.
