Iragarpenak euria ematen zuten gaurko, eta pilotuek zirkuitu hezeagoa espero zuten, baina zorua oso siku zegoela egin behar izan dituzte jaitsierak. 08:00etan antolatzaileek lehenengo TC-a egiteko pilotuak Udala auzora bidali dituztenean hauek konturatu dira hezetasuna izango zela kontrario handietako bat, eta halaxe izan da. Lehenengo jaitsiera horrek ezustean harrapatu ditu asko eta asko, eta ondorengo jaitsierak Anporretako gunean egin dituzte. Ondo joan da goiza, eta pena izan da azken jaitsieran, Wild West-en pilotuetako batek min hartu duela eta horrek lasterketa geratzea ekarri duela. Bazirudien mokorrean zeukala lesioa, pilotua ez aurrera eta ez atzera geratu da, eta non erori den ikusita, suhiltzaileek etorri behar izan dute hura artatzera.
Horren ondorioz, lasterketa minutu askotan geratuta egon da –amaierako jaitsiera zen–, eta haren atzetik etorri diren pilotuei ez die azken jaitsiera horrek sailkapenerako balio izan. Halako erabakiak ez dira inoren gustuko izaten, baina hori izan da erabaki salomonikoa. Halaxe geratu da gaurko lasterketaren sailkapena.
Orokorrean, baina, bai pilotuak eta bai antolatzaileak pozik geratu dira lasterketak emandakoaz, eta ez da gutxi, halako hitzordu bat antolatzeko izugarrizko lana dagoelako atzean. Hain zuzen, jaitsiera batzuk sekretupean mantendu nahi izan dituztelako antolatzaileak atzo gauean ibili ziren markaketako azken lanak egiten, eta baita bidetxur batzuk txukuntzen ere.