Eroski taldeak bere gasolindegien negozioa Petroprixi saltzea adostu du

Xabier Urtzelai 2026ko ekainaren 26a

Musakolako Eroskiko gasolindegia.

Akordioa egin dute Eroski taldeak eta Espainian low cost gasolindegietan liderra den Petroprix enpresak. Operazioan, Eroskiren 40 gasolindegi eskualdatuko dira. Debagoienean bi gasolindegi daude Eroskirenak, Bergaran Leizeaga kalean eta Arrasaten, Musakolan. 

Eroski Taldeak hitzarmena egin du bere zerbitzuguneen negozioa Petroprixi saltzeko. Enpresa horrek bere sarean sartuko ditu Eroskiren 40 zerbitzuguneak. "Hala, enpresa horrek bere presentzia indartuko du Eroski gaur egun ari den lurraldeetan: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Galizia, Balear uharteak, Errioxa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa", adierazi dute Eroskitik.

Operazio hau urte bukaerarako eginda egongo dela espero dute. "Denbora tarte horretan, Eroskik zerbitzuguneen jarraipen operatiboa bermatuko du, eta ohiko jarduerari eutsiko dio; horrela, ez du eraginik izango taldearen elikagai salmentaren jardueran eta bezeroen erosketa esperientzian". 

Energiaren eta mugikortasunaren sektorea eraldatzen ari diren honetan etorri da akordioa. "Kontsumo ohiturak ere aldatzen ari dira, eta operadoreak gero eta gehiago espezializatzen. Testuinguru horretan, Eroskiren ustez, Petroprix gai izango da bere eskarmentuarekin jarduera horri etorkizunean bultzada emateko eta energia gero eta gidari gehiagoren eskura jartzeko", adierazo dute Eroskitik.

Eroskitik adierazi dute "trantsizio ordenatua" bermatuko dutela. "Zerbitzuguneek lanean jarraituko dute, eta operazioaren parte direnei lagun egingo die".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak