Espero zenuen emaitza hori Gipuzkoako Txapelketan?
Azken entrenamenduetan fisikoki oso ondo sentitzen nintzen, eta motibatuta nengoen lan ona egiteko. Asteburuan egin zuen bero handia kontuan hartuta, ez zirudien pistan errendimendurik onena lortzeko baldintzarik egokienak zeudenik. Baina, hala eta guztiz ere, emaitzek lagundu egin dute, eta horrek aurreko sentsazio onak eta azken entrenamenduetan egindako lana berretsi ditu.
Egongo zara Caceresen uztailaren 11n eta 12an?
Gaur-gaurkoz, hori da asmoa. Joan den asteburuan lortutako markekin, 200 metroko proban parte hartzea ziurtatuta daukat, eta lanean jarraitzen dut 100 metroko proban ere Espainiako Txapelketan lehiatzeko aukera emango didan marka lortzeko.
Gogotsu zaude?
Bai, batez ere, irailean denboraldia hasi zenetik egindako lan guztiaren saria izango litzatekeelako eta prestaketa bide onetik joan dela baieztatuko lukeelako. 100 metroko proban ere Espainiakora joateko aukera esku-eskura daukazu.
Zer helburu duzu?
Caceresko txapelketarako gutxieneko markak lortzeko epea amaitu aurretik, lasterketa bakarra geratzen zait egiteko. Zapatu honetan izango da, Durangon. Lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, eta, ondoren, behin betiko zerrenda argitaratu arte itxaron beharko dut. Zerrenda horretan banago, albiste bikaina izango da; eta, bestela, 200 metroko lehiaketaz ahalik eta gehien gozatzen saiatuko naiz.
Zer espero duzu?
Sabadellen pista estaliko txapelketa jokatu nuen, eta badakit lehiaketa zorrotza dela. Ni neu, gainerako lasterketetan bezala, ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, etxera sentsazio onekin itzultzeko.