Aitortzatik haragoko urratsak eman nahi dituzte, "Arrasate bizigarriago baterantz"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 25a

Ane Uribarren, Oihan Zubizarreta eta Kattalin Miner, hilaren 18ko solasaldian –La Furiak ez zuen egoterik izan–. Argazkia: Emakume Txokoa.

Ikusgarriak gara ekimenaren barruko zita garrantzitsuenetakoa izan zen ekainaren 18rako Emakume Txokoan antolatutako Ikusgarriak gara. Eta orain zer? izeneko mahai-ingurua. Mahai-ingurua osorik ikus daiteke hemen klikatuta. Domekan, ekainak 28, elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan (12:30); ondoren, kuir-poteo musikatua izango dute. 

Kattalin Miner (Hernani, 1988) kazetari eta Eihera kooperatibako bazkidea moderatzaile zela, Ane Uribarren (Arrasate, 2005) eta Oihan Zubizarreta (Arrasate, 1985) aritu ziren solasean; Nerea Loron La Furia ere bazen parte hartzekoa, baina azken orduko bategatik ezin izan zen egon. 

Minerrek hasieratik zehaztu zuen saioaren helburua: "Arrasate bizigarriagoa egitea nahi dugu guretzat; LGTBQI+ komunitatearentzat bizigarriagoa dena denontzat delako bizigarriago".

Arrasate, "habia bezain kaiola"

Bi solaskideek esperientzia pertsonaletik egin zuten berba. Unibertsitate ikasketak tarteko Bilbon egindako urteak "askatzaile" izan ziren Zubizarretarentzat, eta gero Arrasatera itzuli zen.

Askotariko gogoeten artean, Arrasate "habia bezain kaiola" zaiola azpimarratu zuen Zubizarretak: "Normatibitateak operatzen du gure egunerokoan, gure lagunartean. Arrasatek baditu habia izateko aldagai historiko batzuk: aurrerakoia, ezkertiarra, transgresorea, aitzindaria hainbat arlotan... Punkaren herria, ustez apurtzailea... Baina horren guztiaren atzean erreproduzitzen diren praktika, pentsaera, marko eta jarrera asko eta asko kontserbadoreak eta tradizionalak dira, eta, alde horretatik, bada kaiola".

Oihan Zubizarreta, Morbor Arrasate taldeko kidea: "Irabazi duguna ezin dugu galdu; sinistuta nago gizarte bezala erantzungo genukeela"

Horrez gain, Zubizarretak zalantzan jarri zuen ikusgarriak izatearen ideia: "Aitortza eta onarpen bat badago. Ekainaren 28aren bueltan Arrasatek mobilizazio-kuota bat beteko du, baina hortik kanpo herriak ez gaitu ikusten; ez komunitate politiko antolatu bezala, eta, zer esanik ez, norbanako bezala. Duela urte batzuk baino askoz ikusgarriagoak gara, bai, baina frustragarria da ikustea ezin dugula herri mailan komunitate antolatuago bezala funtzionatu".

Mezu positiboa ere badu Morbor Arrasate taldeko kideak: "Transfeminismoan irabazi denak ezin du atzera egin, eta sinistuta nago gizarteak erantzungo lukeela horren aurrean. Komunitatea eraikitzen jarraitu behar dugu, oso garrantzitsua da".

"Normatibitatea gailentzen da"

Ane Uribarren, Trasmaribibollo mugimenduko kidea: "Arrasate bada etxe, baina ez beti; jarrera erreakzionario asko ditugu etxean bertan"

Ane Uribarrenek ere uste du Arrasatek bi aurpegi dituela: "Arrasate maite dut, baina bi aurpegi dituen hiri txiki bat da; batetik, gertutasuna ematen du, badakigu ondokoa zein den. Aldi berean, baina, Arrasatek badakar presioa; hemen argi dago normatibitatea gailentzen dela. Gazteon artean, identitatea sortzen ari garen une klabe horretan, oso hedatua dago araua, besteak beste, nola jantzi, nola ligatu eta ze gorputz desiratu behar den esateko. Arrasate bada etxe, baina ez beti; kontuz ibili behar izaten dugu tarteka. Inguruan ere, etxean bertan, jarrera erreakzionario asko ditugu. Gustatuko litzaidake Arrasate arnasgune izatea. Gazteok erreferente falta dugu Arrasaten, erreferenteak ez dira oraindik horren ikusgarriak. Herrian marika, bollera eta disidente asko dago antolatu gabe".

Egitaraua itxiko dute domekan, Herriko Plazako elkarretaratzearekin (12:30); ondoren, kuir-poteo musikatua izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak