Des-kontrolen eta Arkada Socialen "azken bi mailukadak" oraingoz, "laster arte" esateko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 23a

Arrasateko Des-kontrol eta Arkada Social taldeek "laster arte" esango dute, "bideaz harro". Euskal Herriko punk-oi! eszenako erreferente diren taldeek bi kontzertu iragarri dituzte, "oraingoz" emango dituzten "azken bi mailukadak". Atarrabiko Aske jaialdian (abenduaren 26an) eta Durangoko 40 Minutu Rock-en (otsailaren 20an) izango dira, eta sarrerak ekainaren 26an jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera. 

Honako idatzi honekin iragarri dute erabakia: 

"Urte hauetan guztietan, Arrasateko errementarien seme-alaba izan gara, nolabait; kalekumeak. Burdina lantzen zuten haiek bezala, guk kantuak, ideiak eta ametsak landu ditugu, kolpez kolpe eta sua lagun. Eta gure herriaren izenak dioen bezala, harri arteko bidea egiten saiatu gara beti; oztopoen gainetik, aurrera, ukabilak gora!

Gure herriko kondairak dioenez, zazpi buruko herensuge bati egin behar izan zioten aurre. Guk ere gure garaiko zazpi buruko herensugeekin borrokatu behar izan dugu;hipokrisiaren eta faxismoaren aurka, besteak beste. Ez ditugu beti garaitu, baina ez diogu inoiz borrokatzeari utzi, eta duintasunez eutsi diogu goiari.

Urte hauetan guztietan, eszenatoki bakoitza sutegi bat izan da, eta zuek mantendu duzue sua bizirik. Zuen indarrik gabe ez zen mailukadarik izango; ez kanturik, ez biderik.

Orain, mailua pausatzeko garaia iritsi da. Burdina hozten uztekoa. Burua hotz eta bihotza bero. Baina ez ahaztu: errementariek badakite sua ez dela inoiz erabat itzaltzen.

Horregatik, hau ez da agur bat. Oraingoz, emango ditugun azken bi mailukadak izango dira, baina sua barruan daramagu oraindik, eta herensugearen aurkako borrokan piztutako txingarrek bizirik diraute; badakizue, hil orduko bizi.

Eskerrik asko, bihotzez, bidea gurekin egin duzuen guztioi.

Aske Jaialdian, Atarrabian, eta 40 Minutu Rocken, Durangon, ikusiko dugu elkar. Euskal Herriari eta mundu hobe baten alde lanean aritu zareten guztioi gure eskerrik beroenak emateko". 

Atarrabiko eta Durangoko kontzertu bereziak iragartzeko kartela. Irudia: Mauka Musikagintza. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak