Txapelketa nola joan den galdetuta, zera erantzun du Ormaetxeak: "Muturreko beroa izan dugu, garai honetarako, ezohikoa. Baldintza horiek kontuan hartuta ere, guztia ondo atera da. Hau da, parte-hartzaileak etorri dira eta harmailetan jende ugari egon da. Egia da zorabio txikiren bat edo beste izan dutela atleta batzuek baina, oro har, baina bero-kolperik ez da izan", azaldu du.
Arrasate Atletiko Taldeko kideen emaitzarekin ere gustura geratu da. "Bero horrekin, ez zegoen baldintzarik markak hobetzeko, baina emaitza onak izan dira". Oihan Zuluetak, esaterako, garaipena lortu du 200 metroko proban –21.82–. Emaitza guztiak, hemen.
Entrenatzaileak adierazi du taldearentzat garrantzitsua dela Gipuzkoako Atletismo Txapelketa Mojategin egin ahal izatea. "Edozelan ere, kontuan hartu behar dugu zergatik den. Izan ere, Anoetako pista itxita dago. Irekita egongo balitz, urte osoan txapelketa bat edo bi izango genituzke hemen, eta ez bost, aurtengo moduan".
Zera gaineratu du: "Teorian, Gipuzkoako txapelketa osoa hemen ezin dugu egin. Asteburu honetan, proba guztiak egin ditugu, jaurtiketa luzeak izan ezik. Horiek Hernanin edo beste nonbait egingo dituzte. Hori da belar artifizialarekin dugun handicapa".
Azkenik, boluntarioen lanari balioa eman dio. "Guretzat, ezinbestekoa da egiten duten lan guztia. Lantalde zoragarria daukagu".