Arrasateko Trikitixa Eskolaren omenaldia Kajoi tabernari: "Beti izan dituzue zuen etxeko ateak zabalik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 19a

1987ko ekainaren 19an ireki zituen ateak Erdiko kaleko Kajoi tabernak, eta, ordutik, tabernako arduradun aritu dira Jesus Romero Txutxi (Arrasate, 1963) eta Antonio Murillo (Arrasate, 1963). Gaur, ekainak 19, ari dira ospatzen 39. urteurrena, eta sorpresa atsegin batekin hasi dute egun berezia: Arrasate Trikitxa Eskolako Maixa Lizarribarrek hitza hartu du, esker ona adierazteko. Ondoren, Garazi eta Amaiur Barrenaren kontzertua izan dute. 

Trikitixa Eskolakoen aitortzaren ondoren, Garazi eta Amaiur Barrena ahizpen kontzertua izan dute; euskal kantuak akustikoan. Gero, 19:00etan, The Half Nelson's taldeak country, folk eta blue-grass doinuak eskainiko ditu. Jatekoa eta edatekoa ez da faltako, ezta sorpresarik ere.

Amaiur eta Garazi Barrena zuzenean, Kajoi tabernaren atarian. 

Amaiur eta Garazi Barrena zuzenean, Kajoi tabernaren atarian. 

Romero eta Murillo: "Kajoi gure bizitza izan da"

Romerorentzat eta Murillorentzat "bizimodu bat" izan da Kajoi tabernan lan egitea: "Kajoi gure bizitza izan da, ezagutu dugun jendeari esker gara garena. Herriko Plazan kokatuta egonda, onerako eta txarrerako, denetarik bizi izan dugu. Tabernatik pasatu dira ministroak, aktore oso ezagunak eta goi-mailako musikariak... Hala ere, eguneroko bezeroak izan dira gure ogia, eta haiekin zorretan egongo gara beti. Urte asko dira eta adinak ez du barkatzen, baina oso gustura egin dugu lan, eta hori ezin da eurotan neurtu".

Tabernako zerbitzuaz harago, oso mugituak izan dira urte hauetan guztietan Kajoiko arduradunak. Adibidez, duela urte asko hasi ziren eguaztenero dantza ikastaroak ematen tabernako atzealdeko txokoan, eta, gainera, Herriko Plazan antolatzen diren ekintza gehienekin harremana izan ohi dute: "Beti bilatu izan dugu onena herriarentzat; horregatik antolatu izan ditugu ekintzak". Azken zortzi hilabete hauek "oso bereziak" izango direla aitortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak