EAJk igerilekuetako txosna zerbitzurik gabe egotea leporatu dio EH Bilduri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 17a

Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuetako txosna. Argazkia: Arrasateko EAJ.

EAJk ohar bidez salatu du EH Bilduren "inprobisazioa", ekainaren 12an ireki ziren Musakolako kanpoko igerilekuetako txosna edo txiringitoa zerbitzurik gabe dagoelako. "Ez da gertaera isolatu bat, baizik eta udal kudeaketan behin eta berriz errepikatzen dinamika bat, non ez diren akatsak behar bezala aztertzen eta ez den egiturazko konponbiderik ezartzen halakoak errepika ez daitezen", dio Ander Garay eledun jeltzaleak. 

EH Bilduk gidatzen duen Udal Gobernuaren "plangintzarik eta kudeaketa gaitasunik eza" aipatu du EAJk beste behin: "Berriz ere, egungo udal-gobernuaren plangintzarik eta kudeaketa-gaitasunik eza agerian geratzen da, beste zerbitzu batzuetan gertatu diren egoerak errepikatzen baititu, ur-parkeekin gertatu zen bezala. Udako txosna, EAJ buru zuen gobernuak 2019-2023 agintaldian berraktibatua eta balioan jarria, herritarrek asko estimatzen zuten zerbitzu gisa finkatua zen, igerilekuen inguruneari erosotasuna, dinamizazioa eta kalitatea emanez. Uda honetan, berriz ere, ez dago martxan instalazioak irekitzeko unean, eta hori inprobisazioaren eta aurreikuspen faltaren erakusgarri argia da". 

Ander Garay bozeramaileak azpimarratu du ez dela gertaera isolatu bat: "Ez da gertaera isolatu bat, baizik eta udal kudeaketan behin eta berriz errepikatzen den dinamika bat, non ez diren akatsak behar bezala aztertzen eta ez den egiturazko konponbiderik ezartzen halakoak errepika ez daitezen. Egoera horrek zuzenean eragiten dio zerbitzu publikoen kalitateari eta herritarrek udan herrian duten esperientziari". 

Alderdi jeltzaleak Udaleko kirol zinegotzi Mikel San Migueli eskatu dio kirol-arloaren erantzukizuna bere gain har dezala eta txiringitoa ahalik eta lasterren irekitzea berma dezala, uztailaren amaierara arte luzatu gabe. Era berean, EAJk datorren urtera begira udako plangintza otsailean hasteko beharra planteatzen du, zerbitzu guztiak –txiringitoa eta ur parkeak barne– igerilekuak irekitzen diren lehen egunetik erabat martxan egon daitezen. "Arrasatek herritarrek espero eta behar dutenaren mailako kudeaketa merezi du", esan du Garayk, ohar bidez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak