Arrasateko Emakume Txokoak eta Morbor sexu askapen taldeak antolatutako “Ikusgarriak gara” LGTBIQ+ egitarauak aurrera jarraitzen du, eta bihar izango da hitzordu nagusietako bat.
Bihar, ekainak 18, arratsaldeko 18:30ean, Emakume Txokoan, Ikusgarriak gara, eta orain zer? Arrasateko LGTBIQ+ ahotsak izenburuko mahai-ingurua egingo da. Saio honetan herriko hiru kideren bizi-esperientziak eta lekukotzak hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da: Ane, Oihan eta La Furia. Solasaldia Kattalin Minerrek gidatuko du.
Saio honen helburu nagusiak Arrasateko askotariko errealitateak ikusaraztea, komunitatea sendotzea eta etorkizunera begira dauden beharrak zein erronkak partekatzea dira. Behin mahai-ingurua amaituta, arratsaldea modu atseginean borobiltzeko, DJa eta luntxa egongo dira bertaratzen diren guztientzat.
Ekimen hau iaz herrian egindako LGTBIQ+ diagnostikoaren ondorioz sortu zen, eta lehen edizioak izandako emaitza positiboak ikusita, aurten ere egitarau oparoa prestatu dute herriko ahotsak erdigunean jartzeko.
Bihar Emakume Txokoan egingo den saio horren ostean, egitaraua ekainaren 28an amaituko da, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, kontzentrazioa (12:30ean Herriko Plazan) eta kuir-poteo musikatua egingo dute, Morbor taldeak deituta.