Debagoieneko jaialdia egin du Bizipoza Eskolak

Xabier Urtzelai 2026ko ekainaren 16a

Debagoieneko Bizipoza Eskolako lagunek Monterrongo parkea aukeratu dute, gaur, ikasturte amaierako jaia egiteko. Haurrendako jolasak egin dituzte, ekimena ezagutzera emateko informazio puntuak ere jarri dituzte eta ekitaldi nagusia egin dute gero.

Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzte eta haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzen die. Bizipozeko kudeatzaile Leire Elizegik eman ditu proiektu honen gaineko xehetasunak, gaur Monterronen egin duten ekitaldiaren hasieran. Elizegik azaldu du Euskal Herri osoko 39 elkartek osatzen dutela Bizipoza elkartea, "haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteak dira, eta Bizipozaren balore transmisoreak dira".

Debagoienean Fagor Taldeak iazko maiatzean egin zuen hitzarmena Bizipozarekin, Debagoieneko ikastetxe zein hezkuntza ez formaleko guneetan 'Bizipoza Eskola' zabaltzeko, eta Fagorreko Iraunkortasun arduradun Aritz Otxandianok azaldu du zergatik egin duten bat Bizipozarekin. "Gurea oso gizarte bizia da, askotariko ekimenak sustatzen dira, eta Bizipoza horietako bat da. Ikusi genuenean ekimen honek ze helburu eta ze balio dituen, ikusi genuen gurekin bat egiten zutela, eta Bizipoza Eskolaren bitartez eurekin hasi ginen lankidetzan".

Esan moduan, jaialdia hasteko haurrentzako jolasak egin dituzte, eta bitartean, Bizipoza ekimenarekin bat egiten duten Debagoieneko beste zenbait eragilek informazio puntuak jarri eta euren berri ematen ibili dira. Tartean egon dira, besteak beste, Ndank Ndank-ekoak, Izaninurrikoak, Trautikoak, Begisarekoak, Kukubasokoak, Mondra Tea-koak, Elkar Zainduz-koak edota Amaidoluakoak.

Neska-mutikoen gozamenerako, baina, Porrotx, Porrotxin eta Zapotxin pailazoak taula gainera igo direnean hasi da eurendako benetako festa, bizipoza ekarri diena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak