Trikitixa Eskolak ikasturte amaierako jaialdia egingo du bihar arratsaldean

Ibai Irasuegi Garai 2026ko ekainaren 16a

Arrasateko Trikitixa Eskolako kideek iazko irailean egindako kalejira. Argazkia: Xabier Urtzelai.

Arrasateko Trikitixa Eskolak ikasturte amaierako jaialdia egingo du bihar, eguaztena. Amaia antzokian izango da, eta, arratsaldeko zazpietan hasita, ikasleek eta irakasleek ekitaldia eginda amaituko dute ikasturtea: 250 trikitilari inguruk. 

Urtero egiten den ekitaldia bada ere, aurtengo ikasturte amaierako jaialdia "ezberdina" izango da; izan ere, Trikitixa Eskolako irakasle Maixa Lizarribarrek adierazi duenez, "azken urteetan oso luzea" izan da emanaldia. "Ikasle asko ditugu eta denek parte hartzea nahi dugu. Hori horrela, Kepa Junkeraren errepertorioko hamabi kantu adostu ditugu, eta taldeka joko dira ekitaldian: helduak, gazteak, pandero joleak... eta denok batera ere bai".

"Gustura" ikasturtearekin

Lizarribarrek adierazi du "ikasturte polita" izan dela aurtengoa, eta gaineratu du "ikasleak oso gustura daudela eta gauza pila bat" egiteko aukera izan dutela eskolako haurrek zein helduek: "Besteak beste, maiatzaren 30ean Bergaran egin zen Debagoieneko Trikitixa Eguna, kalejirak, helduen topaketa bi, abenduan herritar guztientzako egindako pandero tailer bat, eta herrian egindako emanaldi txikiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak