60ko hamarkadako emakume migratzaileak omentzen ditu San Andreseko muralak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko ekainaren 13a

San Andresen egindako mural bertikala.

San Andreseko jai batzordeak, Arrasateko Udalak eta Mutiko Kristal artistak hartu dute parte bukatu berri duten proiektu honetan. Muralak San Andres auzoko jatorria omentzen du, 60ko hamarkadan bizi baldintza hobeagoen bila eta industria gorakadaren garaian Euskal Herrira etorri ziren pertsonak.

San Andres auzoko jatorria omentzen du auzo horretan bukatu berri duten mural bertikalak: 60ko hamarkadan bizi baldintza hobeagoen bila eta industria gorakadaren garaian Euskal Herrira etorri ziren pertsonak. Hala, orduko emakume migratzaileak omendu gura izan dituzte lan honekin. Maider Morras alkateak adierazi duenez, migrazioek dakarten elkarbizitza erdigunean jarri nahi izan dute: "60ko hamarkadan etorri ziren horiek hemen errotu ziren... eta gaur gaurkoz, inor gutxik jartzen du zalantzan aniztasun horren balio garrantzitsua".

San Andres auzoko Doctor Bañez kaleko eraikin batean egin dute murala eta hiru eragilek hartu dute parte proiektuan: San Andreseko jai batzordea –Murala egiteko eskaera auzoko jai batzordetik sortu zen, auzoari bizitasuna eta esanahia emateko asmoz–, Arrasateko Udala –Udalak finantziazioa bermatu eta muralaren gai nagusia proposatu zuen: 60ko hamarkadan Arrasatera iritsitako emakume migratuei omenaldia egitea– eta Mutiko Kristal artista –Graffiti egileak diseinuaren proposamena egin eta murala gauzatzeko lana burutu du, maiatzaren 18an hasi zenetik–. Maider Morrasek balioan jarri du taldean egindako lana, "Elkarlanaren balioaren adierazle bikaina" dela esanez.

Lana borobiltzeko, datozen egunetan plaka bat jarriko dute hormaren ondoan. Plaka horrek modu argian adieraziko du murala 60ko hamarkadako emakume migratuen omenez egina dagoela, haien oroimena eta auzoari egindako ekarpena betiko gorde daitezen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak