Txomin Maidagan: "Emanaldi berezia egiten saiatu gara, eta publikoan oso harrera ona izan du"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko ekainaren 12a

Txomin Maidagan orkestra zuzendaria.

Gaurko Salve Solstitium emanaldiko zuzendaria izango da Txomin Maidagan (Arrasate, 2004) orkestra-zuzendaria. Emanaldirako sortu duten orkestra batek, Goikobalu abesbatzak eta Debako Aitzuri abesbatzak hartuko dute parte emanaldian, eta egitarau "zabala" prestatu dutela adierazi du Maidaganek, herritarren gozamenerako. 

Nolatan sortu zen Salve Solstitium?
Guretzat, hasieratik izan da oso berezia. Emanaldi berezia egin nahi genuen, eta lehen edizioarekin ikusi genuen publikoaren harrera oso ona izan zuela. Hori horrela, urteroko emanaldi bilakatu da. Goikobalurentzat eta abesbatza ikustera joaten den edozeinentzat zerbait berezia da, eta San Juan jaiei harrera egiteko ezin hobea. 

Zer-nolako obrak entzungo dira?
Hasieratik, kontzertua salbearen bueltan egiten da, eta saiatzen gara sartzen entzulearentzat atseginak diren obrak. Hori bai, obra ezagunak, ez hain ezagunak, musikagile euskaldunen lanak eta kanpoan izan diren konpositore berrien obrak uztartzen ditugu. Hori horrela, soinu-bandak sartu ditugu, eta baita klasikoak ere: Mendelssohn-Bartholdy, Bach, Mahler eta Ravel, esaterako.

Zerlako lekua da San Frantzisko eliza horrelako kontzertu baterako?
Uste dut San Frantzisko eliza oso leku aproposa dela abesteko eta kontzertu honetarako. Asko gustatzen zait, oihartzun handia daukalako. Koruentzat eliza da lekurik onena abesteko, horretarako eginda baitaude. Aldiz, orkestrarentzako ez da hain erosoa, duen erreberberazioarengatik, baina, hala ere, leku polita eta handia da. 

Aurtengoak izango du berritasunik?
Zerbait berria egiten saiatzen gara urtero. Aurten, kasu, Gustav Mahler konpositorearen abesti alemaniar bat sartu dugu, desberdina izan dadin. Eta beti saiatzen naiz sartzen publikoarentzat guztiz ezezaguna den kantu bat, erakusteko kontzertuetan obra desberdin askorekin lan egin daitekeela eta dena ez dela beti berdina. Hala, nahiz eta ezezaguna izan, zerbait polita hartzen saiatzen naiz, kontzertua musikalki aberasteko. 

Zertan pentsatu duzu errepertorioa prestatzean?
Beti pentsatzen dut ea zer izango den onena koruarentzako. Baina, era berean, saiatzen naiz gauza desberdinak erakusten, jendeak musikarekiko daukan iruditegia zabal dezan.

'Salve Solstitium' gaur arratsaldean

Goikobalu abesbatzak, orkestrak eta Debako Aitzuri abesbatzak Salve Solstitium kontzertua emango dute gaur, arratsaldeko zortzietan, San Frantzisko elizan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.  Txomin Maidagan izango da kontzertuaren zuzendaria, eta, emanaldiari dagokionez, bederatzi obra interpretatuko dituzte guztira, eta "zabala" prestatzen saiatu direla adierazi du Maidaganek.

Errepertorioa

Hauxe izango da: Maurice Ravelen Le jardin féeroque, Antonio Rodriguezen Canço de bres per a una princesa negra, Jaques Offenbachen Barcarola, Fernando Velazquezek egindako Idoiaren Viejo refranero abestiaren orkestrazioa, Johann Sebastian Bachen Jesus Bleibet Meine Freude, Geronimo Gimenezen Intermedio,  Tomas Araguesek orkestratutako Aita Madinaren Aita Gurea abestia, Gustav Mahleren Ich bin der Welt abhanden gekommen eta Hilarion Eslavaren Salve Regina. Kontzertua amaitutakoan, errementari dantza egingo dute, sanjuanei harrera egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak