Ospakizun jaia egingo dute gaur arratsaldean, Udal Bibliotekaren 60 urteak ospatzeko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko ekainaren 12a

Arrasateko Udal Bibliotekaren 60. urteurrenaren bueltan, ospakizun jaia egingo dute gaur arratsaldean. 60 urte, pasio bera lelopean egingo da ekitaldia, eta hango ordezkariek adierazi dute ateak zabalik egongo direla herritar ororentzat. 

Ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da, Kulturaten, eta, Beatriz Egizabalek gidatuta, arrasatear batzuek prestatu duten irakurraldi berezi bat egingo dute. Irakurraldiaren ostean, mokadutxo bat jateko aukera izango da. Tarte horretan, liburutegiko argazki zaharrekin osatutako proiekzio bat jarriko dute klaustroan, eta Del Valek musika emanaldi akustiko batekin amaituko du jaia. 

Jaia, ikasturtea amaitzeko

Asun Agirianok, Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendariak, azaldu duenez, gaurko ospakizun jaiarekin batera amaituko da ikasturtea. Hori horrela, ikasturte honetako balorazioa "oso ona" dela esan du: "Ikasturte ona izan da. Zerbait azpimarratzekotan, punta-puntako idazleak eta marrazkilariak etorri dira euren lanak aurkeztera, eta idazketa tailerrek ere partaidetza handia izan dute". Dagoeneko udazkeneko egitaraua prestatzen ari direla gaineratu du.

 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak