Ekainaren 21eko 09:24an sartu eta irailaren 23ra arte uda izango da ofizialki, eta beroaren aurrean freskatzeko aukeren artean arrasatearrentzat ezinbestekoak diren Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuak gaur, ekainak 12, irekiko dituzte. Irailaren 13ra arte 09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik kiroldegia –igerilekuen eremua 20:30erako hustu behar izaten da– eta aurtengo udako abonuaren prezioa honako hau izango da: 18 urtetik beherakoentzat, 45,56 euro; 18 urtetik gorakoentzat, 76,59 euro; eta familientzat, 122,37 euro. Egun bakarrerako sarreraren prezioa 3,85 eurokoa da 18 urtetik beherakoentzat eta 6,80 eurokoa 18 urtetik gorakoentzat.
Txiringitoa kudeatzeko deialdia
1977ko San Juan egunean inauguratu zen Musakolako kiroldegiaren kanpoko hiru igerilekuek tamaina eta sakonera hau dute gaur egun: igerileku handiak 50x21 metroko azalera dauka, eta 1,8 eta bi metrorainoko sakonera; ertainak 15x15 metroko azalera dauka, eta 0,85 eta 1 metro arteko sakonera; eta igerileku txikiak, berriz, 10x10 metroko azalera eta 0,3 metroko sakonera.
Janerako eta edanerako txiringitoa ere egongo da aurten, sarrera nagusiaren ondoan. Udalak deialdia ireki du txosna kudeatzeko aurtengo udarako, baina akordioa 2027ko eta 2028ko denboraldietara luzatzeko aukera ere aurreikusten da. Zerbitzua egunero eskainiko da, gutxienez 11:30etik 20:30era arte. Elektrizitate, saneamendu eta ur-hartuneak dituen etxola izanik, Udalak funtzionamendurako beharrezkoa den oinarrizko inbentarioa jarriko du arduradunaren esku: frijigailu industriala eta labea; hozkailua, izozkailua eta mikrouhin-labea; ontzi-garbigailua eta harraska; eta bezeroendako mahaiak, aulkiak eta edalontzi berrerabilgarriak. Uraren, energia elektrikoaren eta gasaren gastuak Udalaren kontura izango dira. Hori bai, produktuen prezioek Musakola auzoko ostalaritza-establezimenduen batez besteko prezioen barruan egon beharko dute. Eskaerak ekainaren 17ra arte aurkeztu ahalko dira, eta lizitazio prezioa da 150 eurokoa denboraldiko –BEZik gabe–.
Bestalde, Udala auzoko Uxarteko igerilekuak martxan daude ekainaren 5a ezkero, eta irailean noiz itxiko duten ez dute erabaki oraindik.