Aitorpena Segoviako La Cárcel – Centro de Creación gunean egin den ekitaldian banatu dute, eta bertan izan dira Jose Mazarias Segoviako alkatea eta Ludovic Pech Orange Fundazioko presidentea.
Sariak urtero teknologia, berrikuntza soziala, eraldaketa digitala eta komunikazioaren esparruetan erreferente diren emakumeen ibilbidea aitortzen du. Aurtengo edizioan, epaimahaiak Maria Ubarretxenaren ibilbidea nabarmendu du, "bereziki administrazio publikoaren modernizazioan, gobernantzan eta herritarrentzako zerbitzu digitalen garapenean egindako ekarpenagatik".
Deustuko Unibertsitatean Humanitateak eta Enpresa ikasitakoa, Ubarretxenak enpresa pribatuan hasi zuen bere ibilbide profesionala marketin eta esportazio arloetan. Ondoren, Goizperren nazioarteko jardunean aritu zen, eta geroago Arrasateko alkate (2015-2023), Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu izan da. 2024tik, Eusko Jaurlaritzan administrazioaren modernizazioa eta eraldaketa digitala sustatzen ditu sailburu gisa.

"Eraldaketan jarraitzeko pizgarri"
Saria jasotzean, Ubarretxenak aitortu du aitorpenak bultzada berria ematen diola bere lanari: "Aitortza hau euskal administrazio publikoaren eraldaketa eta modernizazioa bultzatzen jarraitzeko pizgarri bat da, helburu oso argi batekin: pertsonen egunerokoa erraztea eta zerbitzu publikoak indartzea. Teknologiak zerbitzu publiko hobeak eskaintzen lagundu behar digu, arinagoak, pertsonalizatuagoak eta hurbilagoak, aurrez aurreko arreta ere indartuz eta giza harremanaren balioa beti zainduz".
Lankidetzaren garrantzian ere jarri du azpimarra, eraldaketa partekatuari eginaz gorazarre, hau da, "administrazioekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean gauzatzen denari".