Ibilgailu klasikoen motor hotsak ozen entzun dira Arruena parkean

Txomin Madina Milikua 2026ko ekainaren 7a

Goiena Classic  Club taldeak zortzigarren urtez antolatu duen ibilgailu klasikoen topaketan askotariko 165 ibilgailu inguru elkartu dira Arrasaten, ingurutik zein kanpotik etorritakoak

 

Autoak, motoak, furgonetak… 30 urte baino gehiago dituzten askotariko ibilgailu klasikoak ikusi ahal izan dira gaur Arrasateko Arruena parkean Goiena Classic Club taldeak zortzigarren aldiz antolatu duen topaketari esker.

Motor-zaleek ibilgailu horiek bertatik bertara ikusteko aukera izan dute, baina bestelako ekintzarik ere egon da topaketaren bueltan: mokadutxoa egin ahal izateko parrila, auto eta motoendako zerbitzuak eskaini dituzten postuak, crawler motako auto telegidatuendako zirkuitua… Momentu batean, gainera, ibilgailu klasiko askok parkea utzi dute, ohiturari jarraituz Arrasate inguruan irteera bat egin dutelako.

Goiena Classic Club taldeko presidente Kaiet Martin Ayucarrek aurtengoaren balorazio ona egin du: "Eguraldi ona lagun izan dugu, ibilgailu ugari etorri dira eta giro ezin-hobea sortu da".

Gertutik zein kanpotik

Topaketan parte hartu dutenen artean denetarik egon da, batzuk Arrasate ingurukoak eta beste batzuk kanpotik etorritakoak. Alberto Rubio bergararrak, adibidez, bigarren urtez hartu du parte bere 1972koa den bere Seat 600arekin: "Aukera ona da norberaren ibilgailua erakutsi eta besteenak ikusteko".

Haizea Gorrotxategi eta Nerea Rebolleda, aldiz, Durangotik etorri dira Arrasatera, 59 urte dituen Seat 127arekin. "Mantenu gutxi eskatzen duen autoa da. Egunero ez, baina sarri ateratzen dugu, bestela apurtu egiten da! Noizbait lanera joateko ere erabili izan dugu1". Durangarrek diote azkenean, horrelako topaketetan, denek ezagutzen dutela elkar eta aprobetxatu dute esateko Durangokoa ekainaren 20an egingo dutela.

Egon da, baina, topaketan parte hartzeko urrutiagotik etorri denik. Horixe da 1993koa den BMW Cabrio 325 autoaren jabe Alex Vaqueroren kasua: Zamorakoa da eta bosgarren aldiz egon da Arrasaten. "Gutxitan erabiltzen dut autoa, horrelako topaketetara etortzeko eta kabrioleta denez, asteburuetan eguraldi hona egiten duenean".

Sara Montero aretxabaletarrak eta bere bikotekideak urrian erosi zuten Mercedes 407 autokarabana, eta gaur horrekin izan dira Arruenan. Eguzki izpietatik babesteko karpa bat ere jarri dute alboan. "50 urteko ibilgailua da. Motorra aldatu diogu, eta 80-90 kilometro orduko hartzen ditu. Beste guztia apurka apurka ari gara egokitzen", esan du Monterok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak