Kamioan hasi eta karpan amaitu du Geurea RTk txapeldunen festa

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 6a

Aurreko asteburuan Euskal Ligako senior nesken txapelketa irabazi ostean, Arrasateko errugbiko neskek merezitako ospakizuna egin dute gaur. ARTk bere txapeldunak omendu ditu, denboraldi bikainari amaiera ezin hobea emanez.

Ospakizuna kamioi gainean hasi dute jokalariek. Herriko kaleetan barrena egin dute ibilbidea, txalo eta animo artean. Une hori bereziki hunkigarria izan dela adierazi du Libe Argoitiak, "kamioian herrian irtetzea, txapelketa borobiltzeko modu zoragarria izan da. Ilusio handiz eta poztasunarekin ibili gara". Herriko hainbat gunetan, Taupan eta Hoban jende ugari elkartu azken asteetako lorpena ospatzeko.

Kamioiko ibilbidea amaituta, Mahalatetik gaiteroen laguntzarekin plazako karpara joan dira. Bertan zain zituzten herritarrak, klubeko langileak eta gainontzeko jokalariak, eta txapeldunei ohorezko pasilloa egin diete txalo artean. Gaurkoa egun berezia izan da taldearentzat. "Oso polita eta berezia izan da gaurko eguna. Merezi zuten ospakizuna egin duten lan guztiagatik. Talde oso lehiakorra izan da eta finala azken momentuan irabaztea lortu zuten. Denboraldi osoan egindako lanaren emaitza da" nabarmendu du Belen Aranbarria klubeko arduradunak.

Libe Argoitia eta Oihan Irasuegi sarituak

Karparen barruan ospakizunak jarraitu du eta denboraldiko sari banaketa ere egin dute. Senior nesken jokalari onenaren saria Libe Argoitiak jaso du; senior mutilen mailan, berriz, Oihan Irasuegik. Harrobiko jokalarien artean, 16 urtez azpiko mutilen kategorian Oinatz Otadui izan da saritua, eta 18 urtez azpikoetan Txaber Urgoitia.

Sari banaketaren ondoren, nesken talde osoa igo da oholtzara txapeldunen kopa eskuetan hartuta. Karpan zeuden zaleekin batera ospatu dute garaipena,  Ondoren, jokalari, entrenatzaile eta klubeko kideek elkarrekin afaldu dute karpan bertan.

Denboraldi borobila

Joseba Zabala entrenatzaileak azpimarratu du ospakizuna talde osoarena dela: "Oso polita izan da denboraldia. Jokalari guztiek merezi dute ospakizun hau. Talde bat gara eta oso pozgarria da horrelako egun bat ospatzea. Orain afaria daukagu eta jokalariek ondo ospatuko dute. Talde honek izaera, nortasuna eta talentua dauka, eta denok batuta talde honek ez dauka mugarik".

Gaurko ospakizunak joan den asteburuan Zarauzko Asti zelaian lortutako garaipena izan du abiapuntu. Geurea RTk 7-10 irabazi zion Gaztedi RTri Euskal Ligako senior nesken finala. Arrasateko, Elorrioko eta Zornotzako jokalariek ligako txapeldun izatea lortu zuten. Aranbarriren esanetan, final hartan ikusitakoa taldearen denboraldi osoaren isla izan zen, "gaur ikusi da nola bizi duten ospakizuna kamioian, eta Arrasateko herriak eman duen erantzuna izugarria izan da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak