Arrasatearrek babes beroa eman diote Elkartasun Egunari

Txomin Madina Milikua 2026ko ekainaren 6a

Harremanek eta Mundukidek antolatutako ekimenak elkartasunez eta ekintzaz bete du gaur goizean Seber Altube plaza. Askotariko Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lana bistarazi dute eta honezkero tradizio den tonbolan parte hartzeko txartel guztiak agortu dira.

Arrasateko Seber Altube plaza elkartasunez bete da gaur goiz-eguerdi partean, beste urte batez bertan izan direlako Elkartasun Eguneko ekintzak. Maider Morras alkatearen hitzek eman diote hasiera Harremanek eta Mundukidek antolatutako egunari eta bertan bat egin dute elkartasunak, sentsibilizazioak eta baita festa-giroak ere.

Batetik, herriko bertako zein kanpoko hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek egiten duten lana jendarteratzeko postuak jarri dituzte. Besteak beste, Zahar, Amnesty International,  Serso San Viator, AMS eta Harreman bera izan dira hori egin dutenak. Era berean, gerrari ezetz esateko txoko bat ere jarri dute, gura izan duenak mezua utzi ahal izan du bertan.

Herriko kultura taldeek ere ez dute hitzordua galdu nahi izan eta hala, goizari musika eta festa giroa jarri diotenen artean egon dira Arrasateko Trikitixa Eskolako eta Arrasate Musikaleko hainbat talde, baita gaiteroak, dantzariak eta Erraldoi eta Kilikien Konpartsakoak. Kids &Us akademiakoek, bestalde, umeendako jolasak eroan dituzte.

Tonbolan, txartel guztiak agortuta

Tonbola izan ohi da Elkartasun Egunaren klasiko handietako bat, eta aurten ere herritar ugarik erosi dituzte bertan parte hartzeko txartelak. Ibai Arteko dendariek emandako 150 sari baino gehiago erosteko aukera eman du tonbolak, eta erosgai jarritako txartel guztiak, 2.000 pasa, saldu dituzte. Eta hasiera batean saririk gabe geratu direnen artean 300 euro zozketatu dituzte.

"Oso pozik gaude, jende pila bat ibili delako lehenengo ordutik. Gainera, eskertzekoa da herriko taldeek gurekin lan egiteko duten gogoa", azaldu du ekitaldiaren amaiera partean Harremaneko kide Itziar Uriartek. Gaineratu du gaur tonbolarekin batutako dirua Indian, Mumbain dagoen Ankur harrera zentrora bideratuko : "Bertan, bestela etorkizun duinik izango ez luketen eta kaletik atera ditugun 250 ume eta gaztetxo bizi dira, batez ere neskatilak. Etxe bat, babesleku bat eta hezkuntza eskaintzen diegu bertan, bizitza duina izan dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak