Dokeren harrobiaren erakustaldia herriko agertokietan

Txomin Madina Milikua 2026ko ekainaren 6a

Atzo eta gaur bitartean ikasturte amaierako antzerki emanaldiak ari dira egiten Doke Antzerki Eskolako  ikasleek. Atzo nagusienen txanda izan zen, eta bi antzezlan egin zituzten Amaia Antzokiko agertokian.

Asteburu berezia ari da izaten hau Doke Antzerki Eskolako ikasleentzat, ikasturtean zehar ikasitakoak praktikan jarri eta jendaurreko emanaldiak egiten ari direlako.

Eskolako helduenak, 14 eta 19 urte bitarteko hamabost gazte, inguru izan ziren atzo Amaia Antzokian lehen emanaldiak egin zituztenak. Bi taldetan banatuta, biek ere Maxi de Diegok idatzitako obren moldaketak antzeztu zituzten.

Badaezpada taldekoek Arraroak antzezlana eskaini zuten, besteak beste osasun mentala, aurreiritziak, maitasuna… bezalako gaiak lantzen dituena. Katezoro taldekoek, bestalde, Historia klasea obra antzeztu zuten, obra antimilitarista eta bakezalea. 

Doke Antzerki Eskolako irakasle Maider Alzelaik ikasleek egindako lan ona goraipatu du: "Oso ondo ikusi ditu, sekulako lana egin dute". Katezoro taldekoek, gainera, ekainaren 18an Donostian egingo dute 37. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartuko dute Historia klasea obrarekin.

Gaur, gehiago

Gaur, zapatua, Doke Antzerki Eskolako gazteenen txanda izango da eta 16.30etatik aurrera, Hesien atzeko hotsak,  Kukubel eta Eulien bazka obrak antzeztuko dituzte JAMEko agertokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak