Taldeko kide Unax Iñarraren arabera, "argi" zuten agurra gaztetxean egin gura zutela: "Gogoko dugu bertako magia; leku eskuragarri eta irisgarria da, gainera. Bestalde, gaztetxeek duten funtzioa oso garrantzitsua da musika zirkuitu alternatiboak sortzeko orduan; eskertzeko modu bat izango da". Agur horretan, Kontralde, Hankaz Gora eta Fronte Berria izango dituzte lagun 22:00etan hasiko den jaialdian. Sarrerak 5 euro balio du.
Kontzerturako "gogotsu"
Lau kontzertuko agur-bira egin du Rebel Noisek: Oñati, Altsasu, Elorrio eta Arrasate. Iñarrak dioenez, leku "bereziak" dira eurendako, eta "lagun ugari" dituzte herri horietan. Bizitako kontzertu horietan sortutako giroarekin gelditu nahi izan du Iñarrak, eta gaineratu du azken hau ere "gogotsu" hartuko dutela: "Kontzertu berezia egin gura izan dugu, aspaldiko abesti batzuei hautsa kenduz. Urduri, gogotsu eta ilusioz gaude, alboan izan ditugun lagun asko bertan egongo direlako".