Urte osoan landutako koreografiak egingo dituzte gimnastek, eta, horrez gain, Arrasate Dragoi Taldeko entrenatzaile Edurne Elkorok gaineratu du dantza berezi bat edo beste egingo dutela erakustaldi amaieran: "Gimnastei gustatzen zaien zerbait baita urtean landutakoaz gain beste zerbait erakustea". Denboraldiari dagokionez, Elkorok adierazi du "ikasturte ona" izan dela aurtengoa, nahiz eta Institutuan izandako sutearen ondorioak eragin handia izan duen.
Aerobik taldea, Tarragonara
Gimnasia erritmiko taldeak denboraldia amaitu du, baina aerobik taldeari azken hitzordua geratzen zaio: Espainiako Aerobik Txapelketa izango da hori, eta Tarragonan jokatuko da, ekainaren 12tik 14ra.