Ekain hasierarekin batera hutsik egiten ez duen hitzordua izaten da Arrasate Rugby Taldearen Garagardo Azoka. Atzo arratsaldean ireki zuten txosnagunea, eta herri-kirol erakustaldiarekin hasi zen hiru egunean Herriko Plazan gozatu ahal izango den errugbi taldearen urteroko jaialdia. Ohi bezala, egitaraua zabaldu zuten taldeko jokalariek egindako herri-kirol proben erakustaldiarekin. Herritar asko joan ziren errugbi taldeko txosnagunera, eta, kirol ikuskizuna abian zegoen bitartean, herritarrek pintxo-poteaz gozatzeko aukera izan zuten.
Horrez gain, III. Arrasateko Gazte Olinpiadetako herri bazkariko txartelak saldu zituzten, eta, 19:30ean, Olinpiadetako taldeen zozketa egin zuten txosnagunean. Eguna borobiltzeko, gaueko hamarretan, Amaiur eta Garazi Barrena ahizpek kontzertua eman zuten. Gaurko egunari dagokionez, arratsaldean Danon ARTien esker onen ekitaldia egingo dute, eta 22:30ean, Los Retros taldeak kontzertua emango du.
Errugbi Txapelketa Herrikoia
Errugbiak ere izango du bere tartea aurtengo Garagardo Azokan. Izan ere, zapatuan jokatuko da bigarren Errugbi Txapelketa Herrikoia, Mojategin. Hemeretzi taldek eman dute izena errugbi txapelketarako. Aurtengoa ere kontakturik gabekoa izango da eta arauak berberak izango dira, aldaketa nagusi batekin: bi eskuekin aurkaria ukitu ordez, jokalariek gerrian izango dituzten zintetako bat kentzea izango da kontua. Txapelketa arratsaldeko lauretan hasiko da, eta, partiduak jokatzen diren bitartean, musikaz girotuta, jateko eta edateko tartea ere izango dute momentuan jokatzen ez dabiltzanek ere. Txapelketa 16:00etan hasiko bada ere, 15:15ean egon beharko da Mojategin; izan ere, bertan arauak azalduko dituzte, eta kamisetak banatu.
Txapelketa amaitutakoan, lehiaketako sari-banaketa egingo dute, eta txapeldunak, txapeldunordeak eta talderik dibertigarriena sarituko dituzte. Festa ez da Mojategin amaituko; gaueko bederatzietan, senior mailako nesken liga ospakizuna egingo dute Maalako Errebaletik karpara, eta, 22:30ean hasita, DJ Goiko musika jartzaileak txosnagunea girotuko du, karparen itxierara arte.
Jana eta edana
Arrasate Rugby Taldekoek adierazi dutenez, 3.000 litro garagardo inguru eskatu dituzte hiru egunetarako. Horrez gain, alkoholik gabeko aukera ere egongo da, eta, edariez gain, jatekoa ere erruz egongo da: 400 kilo patata, 850 txerri-ukondo, 1.500 saltxitxa, 300 oilasko eta 1.850 ogi erosi dituzte. Prezioei dagokienez, jakinarazi dute iazko berak izango direla, eta kreditu txartelarekin ere ordaindu ahal izango da.
Arrasateko Gazte Olinpiadak
Garagardo Azokaren irekierarekin batera, txosnagunean bertan protagonismo berezia izan zuten Arrasateko Gazte Olinpiadek. Izan ere, garagardo azokaren urteroko pintxo-potea abian zegoela, batetik, Arrasate Rugby Taldeak prestatuko duen Olinpiadetako bazkarirako tiketak saldu zituzten, eta, bestetik, aurtengo edizioan lehiatuko diren 68 taldeen zozketa egin zen arratsaldeko zazpi eta erdietan.