Arantzazu Viteri idazle arrasatearrak El regreso de las Ugarte izeneko lehen lana aurkeztuko du gaur, 18:30ean, Kulturaten. Liburua herrian aurkezteko gogoz da Viteri, urduritasun puntu bat ere baduela aitortu duen arren: "Liburua Arrasaten aurkezteko gogotsu egon arren, urduri ere banago".
Harrera ona izan du
Liburua Amazonen erosi daiteke, 16,90 eurotan, eta harrera oso ona izan du bertan. Lehen egunetan paperezko liburuen hiru azpisailetan lehenengo postua eskuratu zuen. "Oso pozik nago liburuak izan duen harrerarekin. Amazonen zenbait azpikategoria daude, eta horietako hirutan lehen postua lortu zuenean ikaragarri poztu nintzen". Zehazki, gazte helduentzako fantasia, fikziozko fantasia historikoa eta ahizpen istorioak izeneko azpisailetan eskuratu du lehen postua. Hala ere, kategoria horiek "oso aldakorrak" direla nabarmendu du idazleak.
Fikzioa eta historia uztartuta
Hiru ahizpa dira liburuaren protagonista: "Bereziki Martina, gazteena". Hirurek botereak dituzte, eta Martinarena da 22:22ak noiz diren jakitea. Fikziozko zati horrez gain, hainbat flashback historiko ditu liburuak, non XVI. mendeko Euskal Herria edo inken inperioaren amaiera jorratzen diren.