Liburutegiak jasandako aldaketa horien testigu izan da 1992tik lanean dabilen Asun Altuna. 2021ean hartu zuen bibliotekako zuzendaritza eramateko ardura, eta, ondo baino hobeto ezagutzen ditu bibliotekak izandako kokalekuak: Garibai etxeko biblioteka, Monterron jauregia eta gaur egungo Kulturate. Bere esanetan, "asko aldatu da" liburutegia urte hauetan: "Biteriko egoitza, lokal iluna zen, eta eskailera mordoa zituen. Gero, Monterronera igaro ginen; etxe dotorea da baina horrek ere igogailu falta bezalako arazoak zituen. Azkenik, 2007an Kulturatera etorri ginen; leku argitsu, moderno eta irisgarria da.
Lau egoitza izan ditu liburutegiak: Garibai etxea eta Monterron jauregia, Kulturate eta Santa Marina
Kulturaterekin batera, Santa Marinako auzo liburutegiak osatzen dute gaur egungo zerbitzua. Eta, zerbitzua aipatuta, hori ere aldatu de, dela dio Altunak: "Urte hauetan, teknologikoki asko aurreratu da gizartea. Orain edozertarako behar ditugu sarea eta ordenagailuak, musika entzuteko modua ere erabat aldatu da. Aldatu ez direnak, liburutegiaren helburuak dira; hau da, "ezberdinen arteko topaketarako eta kulturaren babesleku izatea".
Ospakizun jaia
Datorren egubakoitzeko urteurren jaia 18:00etan hasiko da, eta bi orduko iraupena izango du, gutxi gora behera. Udal bibliotekak hainbat herritar gonbidatu ditu ekitaldira, etra horien irakurraldi berezi bat prestatu dute, Beatriz Egizabalek gidatuta. Horrekin batera, Del Valek musika emanaldi akustiko txiki bat eskainiko du, jaiari amaiera emateko. Horren aurretik ordea, mokadutxo bat jateko aukera ere izango da, urtebetetze tarta deitu diotena probatzeko; tarte horretan, argazki zaharrekin osatutako proiekzio bat jarriko dute.
egitaraua:
- Herriko gonbidatuen eskutik irakurraldi berezia.
- Del Val taldearen musika emanaldi akustikoa.
- Urtebetetze tartaren dastaketa.
Kultura zerbitzu zabala
Liburuak, musika eskaintza edota pelikulak mailegatu daitezke Udal Bibliotekan, Altunaren arabera baina, hori baino gehiago aurkitu daitezke bertan: "Tresnak ere mailegatzen ditugu: ordenagailu eramangarriak, ikusmen arazoak dituztenentzako lupak, geroz eta etxe gutxiagotan aurki daitezkeen garai bateko bideo aparatuak...mailegu zerbitzuaz harago, kontsultetarako gelak edo ikasteko gelak aukera ematen dute etxean lanerako tokirik ez duten horiei, euren lanak egiteko". Horiez gain, aipatzekoak dira, besteak beste hilero antolatzen diren ipuin kontaketak, hitzaldi musikatuak edota literatura solasaldiak. Zenbakiek ere liburutegiak egun duen indarra berresten dute; Arrasateko 14.501 herritar dira bibliotekako bazkide, hau da, biztanleriaren % 65a. Urtebetean soilik 426 bazkide berri egin dira, liburutegiak herritarrentzat duen erakarpen gaitasuna berretsiz.
"Liburutegiak, erakunde bezala, bizirik daudela esango nuke. Beharbada, errelebo falta dagoela esango nuke, bai artxiboetan eta bai liburutegietan langileak aurkitzeko arazoak egongo direla uste dut". Dena den, erabiltzaileen aldetik duen erantzunarekin pozik gaude, errespetuz tratatzen gaituzte, gu eta materiala ere bai", gehitu du Altunak.
Ibilbide oso bat, liburutegian
Altunak "zorte handia" duela dio, urte hauetan lan hau egiteko aukera izan duelako: "Gustoko dut irakurketaren mundua eta horren bueltan herritarrekin dudan hartu-emana". Esparru horretan "etengabe ikasten" ari dela adierazi du, izan ere, ofizio horretan, "beti dago liburu bat gehiago irakurtzeko aukera".