Zailtasunak atzean utzita, egoera erregularizatzeak dakarren "poza" nabarmendu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 5a

Mohamed Achandir marokoarra eta Anais Molina venezuelarra, Arrasateko Monterron parkean.

Atzerritarren Nortasun Txartela lortzeko prozesuan sartuta daude Arrasaten bizi diren Mohamed Achandir marokoarra eta Anais Molina venezuelarra, eta, ondo bidean, laster lortuko dute helburua.

Espainiako Ministroen Kontseiluak apirilean onartu zuen migratzaileen ezohiko erregularizazioak 500.000 pertsona ingururi eragin diezaiekeela kalkulatzen dute. Tartean, hainbat eta hainbat debagoiendarri. Horietako bi dira Arrasaten bizi diren Mohamed Achandir (Xauen, Maroko, 2006) eta Anais Molina (Barinas, Venezuela, 1971).  

Azken horrek asilo eskaera eginda zuen ezohiko erregularizazioa onartu zutenerako, eta horrek "zalantza handiak" piztu zizkiola onartu du. "Hasieran, esan zidaten erregularizazio prozesuan ez sartzeko eta lehendik hasita neukan bidea jarraitzeko, asiloarena. Bestalde, nire semeak orain, maiatzean, bete ditu 18 urte, baina eskaera egin genuenean adin txikikoa zen. Hori dela eta, kosta egin zitzaien erantzutea, kasu berezia baitzen harena", azaldu du. Azkenean, egoitza-baimena eman diete biei, "arrazoi humanitarioengatik". Hala, Atzerritarren Nortasun Txartela lortzeko zain daudela dio: "Hitzordua laster emango digutela pentsatzen dut".

Begi onez ikusten du dekretua

Azken berriak onak izanik, "pozik" dagoela aitortu du. "Ezohiko erregularizazioaren dekretua oso onuragarria iruditzen zait. Izan ere, gu lan egitera etorri gara hona, eta erregularizazioak asko lagunduko digu bide horretan. Oraingoz, askok lortu dute beren prozedura abian jartzea, nahiz eta tramite asko egin behar izan eta ezjakintasuna egon. Beraz, imajinatzen dut egoera hobetzen joango dela datozen asteetan", gaineratu du. 

Bide "luzea eta zaila" honaino

Achandir 2024an iritsi zen Ceutara (Espainia), "sei orduz itsasoan igeri ibili ostean, lagun batzuen laguntzarekin", azaldu duenez: "Hilabete eta erdi Ceutan egon eta gero, asiloa eskatu eta onartu egin zidaten. Handik Malagara joan nintzen, eta, han hilabete egin ostean, hona etorri nintzen, Arrasatera".

Gaur egun bizi duen egoera "hobea" dela dio, eta dekretuak "esperantza handia" eman diola. "Marokora itzultzea ere pasatu zitzaidan burutik, zailtasun handiak nituelako hemen. Ez nuen lanik aurkitzen eta bakarrik nengoen, familiarik eta lagunik gabe. Pentsatzen nuen ez nuela sekula lortuko nire egoera erregularizatzea". Gainera, "oso egoera zailak" bizi izan ditu: "Nire aitona hil zenean, ezin izan nintzen Marokora joan, ezta nire lagun bat auto-istripuan hil zenean ere. Nire ama gaixo egon zenean, halaber, ezin izan nintzen harekin egon".

Orain arte, "askatasunik gabe"

Paperik gabe bizitzea, Achandirren esanetan, "askatasunik ez sentitzea" da. "Etengabeko beldurra duzu bidaiatzen duzunean edo polizia ikusten duzunean. Legez kanpokoa sentitzen zara eta beldur zara, zoazen lekura zoazela. Sentimendu hori paperik gabeko etorkinek bakarrik ulertzen dute".

Laguntza handia jaso du

Erregularizazio prozesuaren baitan, aurkeztu du eskaera, eta "epe laburrean" espero duen erantzun baten zain dago. Hala, ondo bidean, Atzerritarren Nortasun Txartela emango diotela dio: "Oso pozik nago, oso pertsona onak ezagutu ahal izan ditudalako Arrasaten. Haiek lagundu didate abokatu bat aurkitzen, baita aurkeztu beharreko dokumentu guztiak zerrendatzen ere. Oso eskertuta nago".

Etorkin asko, egoera berean

Haren egoera berean dauden "etorkin askok" ere dekretua "begi onez" ikusi dutela nabarmendu du. "Izan ere, asko dira lanik aurkitzen ez dutenak, eta, are gehiago, kalean lo egiten dutenak. Arazo nagusia da egoitza-baimenik ez dutela, eta horrek arazo handiak sortzen dizkie. Hori dela eta, uste dut egoera erregularizatzeak ate asko irekiko dizkiela; etorkizunerako esperantza bat da".

Azkenik, bizitza "lasaia eta orekatua" gura duela azpimarratu du: "Lan egitea eta errespetuz bizitzea da nire asmoa".

Herrigabeak, aukerarik gabe

Ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretuak ez ditu aintzat hartzen aberrigabeak, argudiatuz haiek ez daudela egoera irregularrean eta aberrigabeen estatutuaren babesa dutela.

Horrek eragin zuzena du sahararrengan, besteak beste, eta "erabat deitoratu" du Saleh Salekek (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1975). "Migratzaileak erregularizatzeko dekretu bat egin eta horietako batzuk hortik kanpo uztea ez da onargarria. Guztiek baldintza berak izango beharko lituzkete", adierazi du; eta zera gaineratu: "PSOE alderdia beti egon izan da Marokoren alde, eta hori ez da aldatu. Are gehiago, Mendebaldeko Sahararekiko elkartasunak eta kooperazioak %80 egin du behera azken urteetan. Erregularizazioaren kasuan ere agerian geratu da Espainiako Alderdi Sozialistak ez duela Maroko haserretzerik nahi, eta hori sahararrek ordaintzen dute".

Herrigabe eskubidea lortzeko prozesua, "luzea"

Herrigabe eskubidea izateari balioa eman dio, "nahiz eta hori ere justiziak erabakitakoa izan, eta ez Gobernuak". Halere, "prozesuaren denbora" salatu du. "Hau da, aberrigabe eskubidea izanik, gure egoera erregularizatu dezakegu sahararrok, baina bi edo hiru urtera arte iraun dezake prozesu horrek. Gainontzeko erregularizazio prozesuek, ordea, hilabete batzuk besterik ez".

Hori dela eta, eskatu du "gainontzeko migratzaileek duten arreta eta epeak" izatea. "Saharar batzuei erantzun ere ez diete egiten, eta, bi urteren ostean, berriz egin behar izaten dute eskaera". Halaber, deitoratu du herrigabe eskubidea izateko eskaera errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren sahararrek soilik egin dezaketela. "Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa estatu moduan ez dute onartzen eta han bizi direnei ez diete eskaera onartzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak