Ikasturtean zehar ikasitakoa, taularen gainean erakusteko ordua iritsi zaie Doke Antzerki Eskolan dabiltzan 48 ikasleei. Bost emanaldi egingo dituzte aurtengoan: egubakoitzean helduenak ariko dira: 15-19 urte bitartekoak Amaia Antzokian, eta, egun bat beranduago, 9-14 urte bitartekoek jendarteratuko dute euren trebezia, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean.
Amaia Antzokian, bi lan jarraitzeko aukera izango da: Arraroak eta Historia klasea. "Arraroak antzezlana osasun mentalaren inguruko proposamen bat da; Historia klasea, berriz, antzezlan anti-militarista bat da, bakearen aldekoa" azaldu du Maider Alzelai irakasleak. Bi lan hauek 17:30ean eta 18:30ean izango dira, hurrenez hurren. JAMEra gaztetxoek hiru lan ekarriko dituzte: Hesien atzeko ahotsak, Kukubel eta Eulien bazka. Lehenengoak, zoologiko batean kokatzen da, eta animalien zaintza du oinarri (16:30ean). Kukubel-ek, euskal istorio tradizional bat kontatzen du (17:30ean). Azkenik, Eulien bazka izenekoan, gazte talde baten biziraupen istorioa taularatuko dute (18:30ean).
Alzelaik azaldu duenez, aurtengoan Dokek proposatutako ideiak ekarriko dituzte ikastaro amaierako ekitaldira, baina hori ere tartekatzen joaten direla azaldu du. Gaiei dagokienez, ikuslea hausnartzera bideratzen duten gaien aldeko apustua egin dute, oro har. "Egia da, helduekin beste gai batzuk landu ahal izan ditugula, baina antzerkiak, bakoitzak bere maila eta neurrian istorioak kontatzeko bidea egiten du", dio Altzelaik.
2026-2027ko izen-ematea zabalik
Bestalde, Doke Antzerki Eskolako, 20026-2027 aldiko izen-ematea zabalik dago jada; dokeikastaroak@gmail.com helbidera idatzita egin daiteke. Ildo horretan, interesa duenarentzat ikasturte amaierako lanak ikustea, egiten duten "lanaren berri izateko bide ona" dela esan du Alzelaik. Horrekin lotuta, helbide berean, uztaileko antzerki udalekuetan ere izena emateko aukera badago. "Oraingoz ez da gazte askorik animatu, baina uztaileko antzerki udalekua ere gure lan egiteko modua ezagutzeko aukera paregabea izaten da", amaitu du Doke Antzerki Eskolako irakasleak.