Sareren asmoa da 600 bat lagun elkartzea Arrasaten datorren zapatuan. Eta ekitaldia girotzeko Deskontrol taldeak hiru kantu abestuko ditu.
100 preso baino gutxiago
Etxeratze prozesuak aurrera jarraitzen dutela adierazi du Sarek eta horren erakusgarri aipatu du EPPK-ko 100 presoren langa gainditu izana eta 97tik 60k kalera ateratzeko aukera izatea; hortaz, 37 dira oraindik erregimen itxian jarraitzen dutenak: "Nahiz eta zigorraren azken urteak etxean betetzeko baldintzak betetzen dituzten".
Era berean, kezkatuta agertu dira Sareko kideak Iparragirre eta Karasatorreren 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatu izana: "Beste behin, argudiaketa juridikotik baino mendeku logikan oinarritzen den praktika juridikoa agerian geratu da". Horregatik, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan jarraituko dutela adierazi dute: "Nahiz eta, presioa egitera eta mendeku politikak gailentzen jarduten duten esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoak izan aurrean".
Etxerako bideak hartu duen norabidea ikusita hainbat hausnarketa egin dituzte azken hilabeteetan, etorkizunari begira jartzeko: "Aurrera goaz etorkizuna helmuga, jarrai dezagun konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren logikan lanean".