Parte hartuko duten erakunde ezberdinek, egiten dituzten jarduera eta proiektu solidarioen berri emango dute:
• AITA MARI: Itsas salbamendu humanitarioari eskainitako itsasontzia Mediterraneo erdialdean.
• ZEHAR: Zaurgarritasun eta bazterkeria-egoera berezian dauden errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak eta migratzaileak artatzen dituzte.
• AMS: Ingurune solidarioagoak eta inklusiboagoak eraikitzeko ekintzak sustatzen dituzte.
• EMIGRANTEEN GIZARTE PASTORALTZA TALDEA: Fedea elikatzea eta emigrante talde honen sustapena da euren egitekoa.
• SERSO SAN VIATOR: Dauden herrialdeetan lankidetza-proiektuak bultzatzen dituzte.
• AMNISTIA INTERNAZIONALA: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta nazioarteko beste arau batzuetan aldarrikatutako giza eskubide guztiak errespetatzen eta baliarazten laguntzea.
• HARREMAN: Proiektu humanitarioekin kolaboratzen du, mundu honetako pertsona behartsuenei lagunduz.
"Gerrarik ez!" aldarria
Gainera, Elkartasun Egunaren barruan, gatazka armatuak pairatzen ari diren herri guztiak gogoratu nahi dituzte: "Gaur egun, mundu osoko milioika pertsonari eragiten dieten 61 gatazka daude. Gatazka horien artean daude gerra zibilak, gobernuen arteko gatazkak eta intentsitate txikiagoko liskarrak. Pertsonek bizia, etxeak, bizimodua, etorkizuna galtzen dute. Muturreko egoera bat dago: Israel Palestinaren eta Libanoren aurka egiten ari den genozidioa, pertsonak erabat deuseztatuz eta pentsaezina den egoera bat sortuz, Mendebaldeak beste alde batera begiratzen duen bitartean. Iaz bezala egurrezko pareta bat izango dugu, pertsona guztiek mezu bat idatz dezaten".
Horma berezia Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkateak inauguratuko du, 10:00etan, Seber Altube plazan. Era berean, gonbidapena bidali zaie Udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileei, ekitaldiarekin bat egin dezaten.
Askotariko jarduerak
Elkartasun Egunaren egitaraua jarduerez betea dator: puzgarriak eta Kids&Us gunea, Arrasateko Trikitixa eskolaren emanaldia, gaiten emanaldia Arrasateko dantzari erraldoi eta kilikiekin, Arrasate Musikal Banda Gaztea, Izan Suzuki eta Haize egur taldearen kontzertua. Era berean, urtero bezala, Harreman dendak presentzia izango du bidezko merkataritzan oinarritutako produktuak ezagutarazteko. Gainera, tonbolak beste aukera bat izango du Harremanek parte hartzen duen proiektuekiko elkartasuna erakusteko eta Ibai-Artek eskainitako ehunka sarietako bat irabazteko. 14:00etan 300 euroko saria zozketatuko da bonuetan, Ibai-Arteren dendetan gastatzeko. "Bereziki azpimarratu nahi dugu Ibai-Arteren laguntza, urtez urte tonbolari ekarpena egiten jarraitzen baitu. Eskerrik asko elkarteko saltoki guztiei, horiek gabe tonbola ez bailitzateke posible izango. Arrasateko Udalaren eta, batez ere, pertsona solidarioen babesa ere eskertzen dugu".
Tonbolaren diru-bilketa Mumbaiko (India) Ankur harrera-zentrorako da. Harrera-Etxe hau Santa Ana Karitateko ahizpek bertan bizi diren 200 neskekin egiten duten lan handia da, bizitzaz beteta eta batez ere etorkizun itxaropentsuarekin, izan ere, maitasuna jasotzeaz eta oinarrizko beharrak asetzeaz gain, heziketa sendoa eta heziketa jasotzen dute lanpostu eta bizitza duin bat lortu ahal izateko.

Aurtengo eguna iragartzeko kartela.