Behin obrak amaituta, Etxezarreta parke berritua aurkeztu dute

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 31

Pello Garai Arrasateko Udaleko Landa Inguruneko teknikaria goizeko bisita gidatuan. Argazkia: Goiena.

Arrasateko Etxezarreta parkeko lorategia berreskuratzeko lanak amaituta, aisialdirako egokitu den natura-gune berria aurkeztu dute gaur goizean Arrasateko Udalak eta Txatxilipurdik antolatu duten egitarau baten bitartez: Etxezarretara ibilaldiak, bisita gidatuak, umeentzako jolasak eta Arrasate Musikaleko konboaren kontzertuak osatu du egitaraua. 

Joan den martxoan abiatu ziren lorategia berreskuratzeko lanak, eta behin lanak amaituta, gaur, domeka, Arrasateko Udalak egitarau "berezia" antolatu du Etxezarreta parkean egin duten lana aurkezteko. Zenbait ekintza egin dituzte goizean zehar parte hartu nahi izan dutenen gozamenerako, eta goizeko hamarretan eman diote hasiera egitarauari. Eguraldia lagun izanda, ibilaldia egin dute Arruenatik abiatuta Etxezarreta parkera arte. 

Bisita gidatua

Behin parkera heldu direnean, Pello Garai Arrasateko Udaleko Landa Inguruneko teknikariak eta Iñaki Garmendia botanikariak bisita gidatua egin dute. Parkearen historia eta Udalak egindako esku hartzeak azaldu ditu Garaik, eta natura-gune berrian jarri dituzten landareen inguruan hitz egin du Garmendiak. 

Horrez gain, Txatxilipurdi elkarteak umeen jolasetarako gunea zabaldu du, eta bisita gidatua eta umeen jolasak amaitu ondoren, 12:00etan, Arrasate Musikaleko Konboak kontzertua eman du parke erdialdean. 

Parke bat, hamaika erabilera posible

Iñaki Telleriak, Txatxilipurdi elkarteko antolatzaileak, parkean egin ahal izango diren jarduera posibleen inguruan hausnartu du: "Eremu honek hamaika erabilera mota izango ditu. Izan daiteke ikastetxeetatik hona etortzeko hiruhileko amaierako txangoetan, Txatxilipurdin egiten ditugun ekimenetarako erabili ahal izango dugun espazio oso aproposa da, eta nik uste dut aisialdian arrasatearrentzako ere espazio on bat izan daitekeela, babesleku klimatiko bat egun beroenetarako". 

Etxezarreta parkea

Etxezarreta parkea. Argazkia: Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak