Euskal Ligako kategoria guztietako finalak jokatu dira gaur Zarauzko Asti zelaian. Senior nesken kategoriari dagokionez, Arrasateko, Elorrioko eta Zornotzako jokalariak batzen dituen Geurea RT (hori-beltzak) eta Gasteizko Gaztedi RT (gorri-beltzak) taldeen artean jokatu da norgehiagoka.
Intentsitate handiko hasiera
Partidua 15:30ean hasi da, eta intentsitate handikoak izan dira finaleko lehen minutuak. Partidu fisikoa izan da, eta hasierako minutuetatik bi taldeak markagailua hausteko gertu egon badira ere, defentsa gogorra egin dute bakoitzaren zelaian. Markagailua hutsean mantendu da 24. minutura arte, eta meele batetik etorri da lehen entsegua: Gasteizko taldeak baloia izkinera arte eraman du, eta hegalak defentsa hautsi du, markagailuan 5-0 jarriz. Entsegua transformatuta, 7-0 aurreratu dira gorri-beltzak.
Une horretatik atsedenaldira arte jokatu dira Gasteizko taldearen minuturik onenak, baina defentsan gogor aritu dira Geurea RTko neskak, eta, horri esker, 7-0 joan dira bi taldeak atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan, erritmo handia erakutsi dute Geurea RTko neskek. Hasierako minutuetan nagusi izan dira jokoan, eta minutu batzuez entsegu marratik gertu egon ondoren, hori-beltzak markagailua estreinatu du 46. minutuan lortutako entsegu bati esker. Transformazioa huts eginda, 5-7 erakutsi du markagailuak.
Tentsio handiko amaiera
Bigarren zatiari dagokionez, lehen zatiko abiadura biziari ezin izan diote eutsi neskek, baina, hala ere, bai Geurearen eta bai Gaztediren entsegu marretatik gertu egon da baloia une askotan. Tentsio handiko partidu amaiera izan da. Minutuek aurrera egin ahala, Geurea RTk ezin izan baitu entsegurik egiteko aukera garbirik izan.
Hala ere, azken hamar minutuetan Gaztediren zelaian sartu dira hori-beltzak, eta hortzak estutuz eta lan gogorra eginez, markagailua irauli dute partiduko azken jokaldian. Haizea Zabala arrasatearrak egin du azken entsegua.