Hiru eguneko egitaraua antolatu dute, Mondra Eguna "familia giroan" ospatzeko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko maiatzaren 29a

Mondrako hiru jokalari gola ospatzen. Argazkia: Mondra.

Mondra futbol taldeak Mondra Eguna antolatu du. Herriko Plazan txosnagunea ireki dute, eta bertan izango dira janarekin, edanarekin eta aisialdiarekin lotuta antolatu dituzten ekintza gehienak.

Arrasateko futbol taldeak atzo ezkero ospatzen dihardu Mondra Eguna. Aurten, bada, kalera eraman dute ospakizuna, eta txosnagunea jarri dute Herriko Plazan; hain zuzen, "azkenaldian taldeak herrian galdu duen konexioa berriro ere ehuntzeko".

Maiatzaren 28an –atzo–, 29an eta 30ean ospatuko dute Mondra Eguna, eta, Mondrako zuzendaritza-taldeko kide Unai Bordesek azaldu duenez, egitarau zabala antolatu dute, herritarrei futbol taldearen esker ona erakusteko: "Gure helburua da herriarengandik gertu egotea eta Mondra herritar guztiok egiten dugula gogoraraztea, familia giroko ospakizun baten bitartez".

Egitarau zabala prestatu dute

Edateko, jateko eta aisialdirako aukera egongo da hiru egunean txosnagunean, baina Bordesek "giroan" jarri du azpimarra: "Eskaintza nagusia ez da jana edo edana, herriarentzako festa bat antolatzea baizik: lagun artean egotea, futbol-familia osoa leku berean biltzea. Azken finean, zuzendaritzako kideak inguruan izango gara, eta, zalantzarik gabe, bazkideen eta bizilagunen ideiak eta iritziak entzuteko eta hausnartzeko gune bat ere izango da".

Dagoeneko abian da festa

Atzo, eguena, izan zen lehen eguna, eta pintxo-potea eta triki-poteoa egin zituzten karpan eta herriko kaleetan. Gaur, berriz, arratsaldeko zazpietan irekiko dute txosna. Zortzietan omenaldia egingo dute, eta musika emanaldiek girotuko dute gaua ondoren: batetik, 21:30ean hasiko den Emeki taldearen kontzertuarekin, eta, bestetik, 23:00etan izango den DJ Grasoteren emanaldiarekin.

Zapatuan urteroko klubeko bazkaria egingo dute futbol taldeko jokalari guztiek, eta, ondoren, 19:00etan, haragi-dastaketarekin irekiko dute txosna. 19:15ean, txaranga-poteoari ekingo diote, Herriko Plazatik abiatuta, eta, musikarekin batera, Basati, Osorik, Taupa, Txoko, 1990 eta Monte tabernetatik igaroko dira, jai-giroan. Txaranga-poteoa plazan amaituko da, eta, egitaraua borobiltzeko, Total Distortion eta Sindy Berbenas taldeek kontzertuak izango dira, 21:30ean.

Omenaldia klubeko jokalariei

Gaur, arratsaldeko zortzietan, klubak zenbait pertsona omenduko ditu Herriko Plazan. "Mondraren balioak islatu dituzten pertsonei egingo diegu omenaldia", azaldu du Bordesek. Hori horrela, alde batetik, kirol arloan nabarmendu diren zenbait jokalari izango dira omenduak: besteak beste, Lehen Mailan jokatu duten futbolari arrasatearrak eta Hirugarren Mailara igo ziren Mondrako jokalariak.

Horrez gain, omenaldi-ekitaldia aprobetxatuko dute urteetan zehar "isilean" lan egin duten entrenatzaileak, boluntarioak eta familiako kideak omentzeko: "Guztiek egin dute lan azpimarragarria taldearendako, eta lan horrek ere, taldearen partetik gutxienez, aitortza bat merezi du".

Mondra Eguna bueltan da

Orain dela urte asko hasi zen Arrasateko futbol taldea Mondra Eguna ospatzen. Gazta eta Ardo Eguna zen orduan, baina azken urteetan ez dute antolatu, eta berriro ere egin nahi izan dute, "taldeak herrian eta herritarrekin duen presentzia indartzeko". Zuzendaritza-talde berria sartu zenetik argi izan zuten Mondra Eguna berriro ere ospatu behar zela, eta otsail inguruan hasi ziren prestatzen. "Talde bezala hazi egin nahi dugu. Mondra merezi duen lekuan jartzea, emakumezkoen futbola indartzea, eta babesle eta bazkideekin oinarriak sendotzea. Hortaz, Mondra Eguna ospatzea erabaki genuen herritarren eta kluba osatzen duten kide guztiek gozatu ahal izateko festa bat egiteko", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak