JAMEko auditoriumean hasi eta han bertan amaituko da Udaberriko Musikaldia. Sei emanaldik osatu dute egitaraua, eta domeka honetan, hilak 31, egingo dute azkena; Susurros Sinfonicos hirukoteak agurtuko du musika jaialdia. Kontzertua 19:30ean hasiko da, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Natalia Sanchez txirula jotzaileak, Claudia Besne harpa jotzaileak eta Carmen Santamaria piano jotzaileak osatzen dute Susurros Sinfonicos taldea. Musika sinfonikotik abiatzen den hirukotea da, eta errepertorio klasikoa eta garaikidea batzen ditu.
"Gustura" orain artekoarekin
Maiatzaren 6an abiatu zen Udaberriko Musikaldia, eta lau emanaldi egin dituzte orduz geroztik. Udaleko Kultura teknikari Karmelo Alberdik azaldu duenez, oso pozik daude orain arteko emanaldiekin: "Publikoaren erantzuna oso ona izan da, eta emanaldiak ere oso maila onekoak izan dira".
Joan den asteburuan Habiak taldearen kontzertua bertan behera geratu bazen ere, gainontzeko emanaldiek harrera bikaina izan dutela adierazi du Alberdik; Oñatiko Ganbara abesbatzak San Juan Bataiatzailea parrokian egindakoa edota Goikobalu abesbatzak eta Arrasate Musikaleko bandak Amaia Antzokian egindako emanaldia esaterako. Domeka honetako azken emanaldiak borobilduko du egitasmoa, baina aurrera begira ere musikaz gozatzeko ekitaldiak antolatzen hasi direla esan du Kultura teknikariak.