'Nola bizi dugu aitatasuna?' saio irekia egingo dute

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 29a

Magala espazioan lehen sorospenen inguruko saioa.

Datorren Ekainaren 11n 18:30ean Uribarri guneko Magala espazioan aitatasunera trantsizioaren inguruko gogoeta egin eta esperientziak partekatzeko topagunea antolatu du Arizmendi Ikastolak. 

Nola kokatzen gara aita bihurtzen garenean? Zein da gure lekua? Nola bizi dugu egoera berri hau? Amatasuna eta aitatasuna berdin bizitzen al dira? Zer dagokio nori? galdera horiek mahai gaineratu eta esperientziak partekatzeko eta entzuteko tartea hartuko dute ekainaren 11an Magala espazio pedagogikoan. Unai Serrano eta Saray Cano izango dira hizlariak. 

Aitei, amei, bikoteei edota aurrerago aita edo ama izan nahi duten pertsona guztiei zuzendutako saio irekia izango da, adierazi dute "interesa duen edonor" izango dela ongietorria. 

Parte hartu nahi dutenek galdetegia bete beharko dute. 

Pasatutako saiotik "zapore gozoa"

Joan den astean Magala espazioan lehen sorospenen inguruko saioa eskaini zuen Dorleta Sologaistoa profesionalak. Arizmendi Ikastolak dio hitzordu hura "oso baliagarria eta arrakastatsua" izan zela gurasoentzat zein Haur Hezkuntzako profesionalentzat. Datorren ekainaren 11a ere "elkarrekin ikasteko aukera bikaina" izatea espero dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak