Herriko eragileen eskakizunaren emaitza: Etxezarreta parkeko lorategi berria, prest

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 29a

Etxezarreta parkearen bi argazki; bata 2016koa, eta, bestea, gaur egungoa.

Etxezarretako natura-gune berria ezagutzeko goiz osoko egitaraua egongo da domekan. Txatxilipurdirekin elkarlanean antolatuta, ibilaldia, jolasak, bisita gidatua eta Arrasate Musikaleko Konboaren kontzertua izango dira.

Ia hamar urte igaro dira Besaide elkarteak –herriko hainbat eragilerekin batera– garai hartan jabetza pribatukoa zen Etxezarreta parkea erosteko aukera "apartaren" inguruan Arrasateko Udala ohartarazi zuenetik. Arrasateko ekialdean dagoen 83 hektareako lursailak AP-1 autobidearen sarrera inguruan hasi eta Kortapoto deritzon mendi magal guztia hartzen du, Elorregiraino. Hala, 2018an Etxezarreta eremuarengatik Udalak 135.000 euro ordaindu ostean, jabetza publikoa izatera pasa zen lurzorua.

Etxezarreta parkea XIX. mendeko lorategi baten aztarnak dituen espazioa da

Erosketa hura egiteko arrazoiak eremuak gaur egun mantentzen dituen berezitasunak izan ziren. Batetik, Europako Batasunaren intereseko bi habitat mota daude bertan: haltzadia eta txilardia. Haltzadia Deba ibaiari lotuta dagoen baso-mota da, eta Etxezarretakoa ondo dago. Txilradia, berriz, goi-tentsioko linearen azpian dago. Bestetik, hariztia mantentzen du Etxezarretak. Azkenik, Rafael Ariza Etxezarretak XIX. mende amaieran eraikitako lorategi botanikoa aipatu behar da; orain arte degradatuta egon den arren, izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua gordetzen ditu –sekuoiak, zedroak, haginak eta abar–. Azken gune hori berreskuratzea eta lehengoratzeko asmoa ez da berria. Eta, azkenik, Deba ibaiaren meandroan kokatuta dagoen lorategi historikoa berreskuratzeko lanak martxoan hasi zituzten.

Esku-hartzeak egin dituzte

Lanotan, Udalaren helburua inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzea izan da, eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarria sortzea herritarrentzat. Horretarako, lorategi barneko bide-sare natural berria sortu dute, 416 metro luze dena. Garai bateko bide-sarea galduta bazegoen ere, puntu batzuetan berreskuratu eta berriak sortu dira. Gainera, berez sortutako begetazioa garbitu eta soropilen eta zelaien antolamendu berria ezarri dute. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatu dituzte: koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak... Guztira 80 bat landaketa egin dituzte. Amaitzeko, atsedenerako, egurrezko eserleku berriak jarri dituzte, herritarrek naturaz "goza dezaten", eta laster jarriko dituzte seinale berriak eta informazio-panelak. Obraren aurrekontua 114.408 eurokoa da –BEZa barne–, eta Txukun Lorazaintza SL enpresak egin ditu lanak.

Parkea ezagutzeko aukera

Horren harira, goiz osoko egitaraua antolatu du Udalak maiatzaren 31rako, Txatxilipurdi elkartearen laguntza eta elkarlanarekin. Izan ere, parkea ezagutzeko aukera izateaz gain, Txatxilipurdik antolatutako Familian Jolasean ekimenarekin bat egingo du hitzorduak. 10:00etan, Etxezarretara ibilaldia egingo dute, familian, Arruenatik, Txatxilipurdirekin batera. Ondoren, 11:00etan, Pello Garai Ingurumen teknikariaren eskutik, bisita gidatu historikoa eta botanikoa egingo dute –Txatxilipurdik umeendako jolasak egingo ditu ordu berean–. Azkenik, Arrasate Musikaleko Konboak kontzertua emango du, 12:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak